Kaixo, laztana:
Lerro hauek idaztea zaila egiten zaidan arren, barrenak hustu eta sentitzen dudana adierazi nahi dizudala erabaki dut. Betidanik ezagutzen dugu elkar, nire txikitako lehen oroitzapenak zurekin dira. Eta zein zoriontsuak izan garen hasieratik.
Txikitan hondartzan egoten ginen egunero eta bertan, elkarrekin, urari nion beldurrari aurre egiten erakutsi zenidan. Egiako parkean ere abentura ederrak bizi izan genituen elkarrekin. Lagunak baino, bidelagunak izan gara.
Elkarrekin hazi gara eta zurekin izan dira nire lehen aldiak: lehen Porrontxoak, lehen kontzertua Saguesen, lehendabiziko Korrika, lehen muxua… Ez zara bakarra izan, baina zalantzarik gabe zu izan zara garrantzitsuena.
Izan ditugu ere gure tirabirak, baina aurrera egiten asmatu dugu nola edo hala. Azkenaldian, ordea, zeharo aldatua ikusten zaitut. Maite nauzula esaten didazu, baina zure ekintzek kontrakoa adierazten didate. Badirudi ni baino gehiago axola zaizkizula zurekin egun gutxi batzuk igarotzera etortzen diren ezezagunak, eta orain, gure harremanean aurrerapauso bat ematera gindoazenean, oztopoak eta aitzakiak besterik ez dizkidazu jartzen.
Nahiago nuke zurekin, baina erabaki dut ez dudala zuregatik neure bizitza proiektua baldintzatuko, eta zu gabe bizitzeko prest nago.
Min handia ematen dit gure harremana horrela hautsi daitekeela pentsatzeak. Dena den oso argi dut ez naizela ni, zu zara, Donostia, zu eta zure etxebizitzen prezioa.
Inoiz zure jarrera aldatzeko prest bazaude, hemen izango nauzu gure harremanari berriro heltzeko, eta noan tokira noala beti eramango zaitut bihotzean.