Kaleko afari solidarioak
Duela pare bat aste, lagun baten bidez jakin nuen Kaleko Afari Solidarioak deituriko zaintza talde herritarra nire auzoan, Amara Berrin, afariak ematen hasi dela. Banekien Parte Zaharrean eta Egian urtebete baino gehiago zeramatela gauero afariak ematen, eta oso egitasmo polita iruditzen zitzaidan, baina inoiz ez nintzen iritsi boluntario izatera. Beraz, nire auzoan egiten dela jakin nuenean, neure burua eskaintzea aukera ona iruditu zitzaidan. Imajinatzen nuen boluntarioak beharko zirela, azken batean lan karga handia baita, horregatik, kontaktuan jarri nintzen beraiekin, eta Whatsapp taldean sartu ninduten, eta nola funtzionatzen duten azaldu zidaten.
Lehenengo aldiz joan nintzenean, gogoratzen naiz urduri nindoala. Amara Berrin daukaten lokalean egon ginen banatzen ditugun poltsak prestatzen, eta gero Atano pilotalekura abiatu ginen. Hurbiltzen hasi zirenean, naturaltasunez jokatu nahi nuen, ez nien eman nahi fabore bat egiten ari ginen sentsazioa, ez nuen beraien esker ona espero genuela pentsatzerik nahi, edo beste modu batean esanda, ez nuen gure arteko bereizketarik egin nahi, izan ere, beraientzat ez da oso momentu atsegina, nik uste. Hala ere, egia da asko eskertzen dutela egindako guztia, eta, azkenean, ordu erdian prestaturiko poltsa guztiak banatu genituen.
Taldean sartu naizenetik, boluntario kopurua igotzen ari da, eta aste gutxian 30 baino gehiago gara, eta kopuruak igotzen jarraituko duen irudipena daukat. Lan-giro oso ona dago gure artean, gainera. Oraindik ez dugu denok elkar ezagutzen aurrez aurre, baina nabaritzen da gogoa badaukagula hau aurrera eramateko, ikusten da nola gauden denok beti prest laguntzeko, nola ari garen ideia berriak proposatzen hobetzeko… eta horrek guztiak are gehiago animatzen nau nire ekarpena egitera.
Jendea animatzen dut parte hartzera! Azkenean bakoitzak bere bizitza dauka, eta, orokorrean, oso lanpetuta bizi gara gaur egungo gizartean, baina bakoitzak ahal duen neurrian eta ahal duenean lagundu dezake, janaria prestatzen, garbitzen, poltsak prestatzen… denen laguntza ongietorria da, eta, horrela, kalean bizi direnak janari bero bat, behintzat, badaukate gauero.