KASek lau urte
Hil honetan lau urte beteko dira Kaleko Afari Solidarioen (KAS) ekimenari ekin geniola. Lau urte! Hiritar anonimoz osatutako ekimen zoragarri hau denon ahotan (eta pantailetan) egon da asteotan. Guk aukeratu ez dugun ikusgarritasun honek, iritzi publikoak gure ekintza solidarioaren dimentsio osoa ezagutu dezan balio izan du.
Izan ere, jendeak KASen berri bazuen ere, gehienek ez zuten gure erronkaren tamaina eta prekarietatearen berri. 1.450 egun segidan daramazkigu, hutsik egin gabe, jatekorik ez duten pertsona orori otordu bat ematen.
Orain lau urte, Parte Zaharreko Plaza Berrian bost lagunekin hasi genuen hura, gaur egun hiru auzotan 260 pertsona inguru artatzen dituen elkartasun ariketa erraldoia da. Gure bitartekoak hauexek dira: gure lapikoak, gure etxeetako sukaldeak, gure orgatxoak, jendearen dohaintzak (diruz edo janariz), hainbat eragileren eskuzabaltasuna haien lokalak utziaz… Baina ezer azpimarratzekotan, gure balioak: altruismoa, enpatia, antolatzeko gaitasuna, aniztasuna, horizontaltasuna eta arazo ugariri aurre egiteko kemena.
«Guk ez dugu tamaina txikiko delinkuentzia hori sortzen duten egiturazko arrazoiei aurre egiteko tresnarik. Instituzioen erantzukizuna da»
Hasieratik, esan genuen guri ez dagokigula, baina arduragatik egiten dugula. Instituzioekin bilera ugari egin ditugu. Alferrik. Ez dute baliabide gehiagorik jartzeko inongo asmorik. Hau gutxi balitz, azken hilabeteotan, kriminalizazio kanpaina izugarria pairatzen ari gara boluntariook, baina, batez ere, gure erabiltzaileen multzo zehatz bat, magrebtarrak, hain zuzen ere.
KAS osatzen dugun pertsonek argi dugu. Gure erabiltzaileen gehiengo osoak ez du zerikusirik delinkuentziarekin. Haiek ezagutu arte, ez dakigu haien ibilbidea zein gogorra izan den, eta jarraitzen duen izaten. Gure gizartean txertatzeko gogo handia daukate, baina ez diegu batere errazten bidea. Lapurtzen dutenei jaten ez emateko eskakizunen aurrean, eta eztabaida etikoak alde batera utzita, hauxe gure jarrera: guk ez dugu tamaina txikiko delinkuentzia hori sortzen duten egiturazko arrazoiei aurre egiteko inongo tresnarik. Instituzioen erantzukizuna da.
Bitartean, KASkideok gauero-gauero otordu bero bat eskaintzen jarraituko dugu guregana hurbiltzen den pertsona orori. Eta platerarekin batera, baita gure irribarre goxoa ere.