Kasualitatea ala kausalitatea?
Ezer gutxi sinatu izan dut publikoki nire izenarekin, eta gutxitan jarri ditut plazan nire gorputza eta izana kolektibo baten babespean ez bada. Baina orain aste batzuk jaso nuen esperientzia berri hau abiatzeko proposamena; nire izena eta aurpegia izango dituen zutabe bat hilero idazteko aukera.
Eta hortxe jarri zen martxan berriro ere makinaria. Hortxe azaldu ziren iritzien kezka, nire ideiek izan dezaketen interes ezaren ardura, porrotaren beldurra, merezimendu faltaren itzala, ondo egin beharraren presioa…
Ez dut uste kasualitatea denik emakume bezala sozializatuak izan garenok halako sentimenduak izatea publikoaren aurrean agertzen garenean. Kasualitatea baino, kausalitatea dela esango nuke; jaso dugun heziketa prozesuaren eta bizi dugun gizarte sistemaren ondorio.
Espazio publikoa ez da historikoki guretzako eraikia izan, eta oraindik ere horren kalte ordainak pairatzen ari gara. Deseroso sentitzen gara esfera publikoan agertzen garenean, ez dagokigun espazioa okupatzen ariko bagina bezala.
Mila konplexuz josi gaituzte, pertsona -agoak izan behar dugula esanaz, baina ez -egiak: argiagoak, baina ez argiegiak; ederragoak, baina ez ederregiak; argalagoak, baina ez argalegiak; atseginagoak, baina ez atseginegiak… Eta ez da lan makala mandatu horiekin guztiekin plazara salto egitea.
Gainera, gainontzekoei begira egoteko izan gara heziak: besteekin enpatikoak izateko, ingurukoak zaintzeko… Horrela, denbora gutxi gelditzen zaigu gure buruarengan pentsatzeko, ez dezagun zauri ho riek guztiak osatzeko denborarik izan.
Bada, zalantzati, baina hartu dut erabakia. Datozen hilabeteetan nire barrenak hustuko ditut zutabe honetan, eta nahi duenak jaso ditzala. Beraz, ni eta nire konplexu, zalantza eta beldur guztiak, aurrerantzean, txoko txiki honetan topatuko gaituzue, hontaz edo hartaz solasean. Hauskortasunean egingo dugu topo!