Koldo Mitxelena, zentsuraren kultur gunea?
Lehenik, gure errespetua eta begirunea adierazi nahi diegu Koldo Mitxelena berari eta haren senideei eta gertukoei. Ez baitu atsegina izan behar, haren izena daraman kultur gunea horrelako kulturaren ikuspegi hertsi eta zentsuratzailearen gune bilakatuta ikustea.
Euskal Wikipediak honela definitzen du kultura: “Kultura, oro har, gizarte edo giza talde baten ezaugarri diren berezitasun espiritual, material, intelektual eta afektiboak dira. Arteaz gain, honen barnean dira bizimodua, oinarrizko eskubideak, balio sistemak, ohiturak eta sinesmenak”.
Ez da gure asmoa kultura zer den eta zer ez den eztabaidatzea; gai konplexua da, eta ez da gure egitekoa. Baina, bai adierazi eta aditzera eman nahi dugu gure harridura, edo haserrea, edo etsipena, Koldo Mitxelenako zuzendaritzak bertako aretoa erabiltzeko ezarri dituen “irizpide” edo “kultura” berriaren aurrean.
Kontua da, beste batzuetan egin dugun moduan, uztailaren 2an egingo den Pirinioetako Bidea egitasmoa Koldo Mitxelenan aurkeztea pentsatu genuela. Dakizuen moduan, Gure Eskuk Kataluniako beste eragile batzuekin elkarlanean antolatutako egitasmoa da, Kantauritik Mediterraneoraino makina bat tontor argiztatuko dituena.
Deitu genuen, bada, telefonoz bertara gure asmoen berri emateko, eta data aukerak ikusteko. Bertako langileak esan zigun zein data zeuden libre eta online dagoen eskaera orria bete behar genuela, eta bertara bidali. Erantsi zuen, lehendik ere horrelako aurkezpenak eginak genituela, baina, orain, zuzendaritzak irizpide berriak zituela, eta ez zekiela baimena emango ote ziguten.
Beraz, osatu genuen eskaera orria, eta bidali emailez. Erantzunik jasotzen ez genuenez, telefonoz deitu eta hauxe ahoz jaso genuen erantzuna: “Irizpide aldaketa bat egon da, eta hemendik aurrera, kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak soilik antolatu ahalko dira”.
Zur eta lur geratu ginen. Baina, geldi ez. Lehenengoa, beste toki bat bilatzea eta aurkezpena egitea izan zen. Eta egin genuen aurkezpena. Eta, Donostiarrok, uztailaren 2an, Jaizkibel argiztatuko dugu lezoar, pasaiatar eta hondarribiarrekin batera.
Hala ere, ez ginen lasai. Ezin genuen ontzat eman ezezkoa. Lehen ere antzeko hainbat ekitaldi eginak ziren bertan –nahikoa da hemerotekan pixka bat arakatzea–. 2016an, maiatzaren 27an, hizlarien artean besteak beste, Laxaro Azkune eta Angel Oiarbide herri galdeketen inguruan. 2017ko ekainaren 20an, Donostiako herri galdeketaren aurkezpena, 2018ko azaroaren 18an burutuko zena. Gogoan dugu beste bat, 2013an-edo izango zen, Gazta zati bat dokumentalaren harira eta Gure Esku Dago sortzeko asmoez izango zen; entzuleen artean, beste askorekin batera, EAJko goi-kargudunen bat.
Irizpide berrien arabera, “kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak soilik” antolatu omen daitezke. Eta, ez al da, bada, kultura herritarrak auzolanean elkartzea, benetako auzolanean, herri demokratikoagoa, herri parte hartzaileagoa, jendarte buru askeagoa eta burujabeagoa bilakatzeko? Ez al da, bada, kultura, helburu horrekin, auzolanean, mendi tontorrak argiztatu nahi izatea, mendeetan zehar, Euskal Herriko (ez soilik) mendietan ekain suak piztu ditugun moduan?
Bada, badirudi Koldo Mitxelenako arduradun berrientzat hori ez dela kultura. PSE-EEko Harkaitz Millan da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Diputatua; bere ardurapean dago Koldo Mitxelena, eta orain gertatu da irizpide aldaketa. Herritar soilok ezin dugu jakin zein izan den halako aldaketak egiteko prozedura, ez gainontzeko alderdien ikuspegia ere.
Baina, herritar gisa, gure ardura ere bada, Koldo Mitxelena kultur gunea herriarena baita. Herritarrak anitzak gara, eta gauza batzuk gustukoak izango ditugu eta beste batzuk ez. Baina, ezin dugu onartu Koldo Mitxelena zentsuraren kultur gune bilakatzea. Horregatik, irizpide aldaketa hori berrikustea eskatzen diegu horretan parte hartu dutenei, edo eragin dezaketen guztiei, Koldo Mitxelena, berriz ere, herritar guztien zerbitzura egon dadin.