Konfinamenduaz
Ama ere baden lagun batekin hitz egiten nuen iritzi artikulu hau idaztearen beharraz. Eta familion nekeaz. Eta neke honek dakarren isiltasunaz, indarrik gabe egoteaz… Eta idaztea erabaki dut.
Ostegun gauean jaso genuen berria, eskolak bidalitako mezu elektroniko baten bidez : «Zuen 5 urteko alabaren gelan COVID-19 kasu positibo bat egon da…». Haserrea, amorrua. Ez, berriro ez. Bosgarren berrogeialdia dugu etxean. Eta berriz ere prozesu guztia errepikatu da: Osakidetzako aztarnariaren deia antigeno eta PCR probak egiteko txandak emateko, eta berrogeialdiaren bukaera data zehazteko; Osakidetzako Osasun Sailaren deia, hurbileko kontaktu bat etxean isolatuta nola izan behar dugun azaltzeko, nahiz eta jakin badakiten, 5 urteko haur bat gela batean isolatzea ezinezkoa dela; alabaren disgustua goizean esnatu eta eskolara ez doala esan diogunean, «ni ez nago gaixo, PCR sudurretik ez!»; eta familia guztia berriz ere hankaz gora jartzea, 5 urteko alaba etxean dagoela, alaba gazteena eskolara eraman, eta gu lanera joateko. Bere burua bakarrik zaindu ahalko balu bezala, 5 urte izango ez balitu bezala… Familiako medikuari deia (bosgarrenez), baja eskatzeko, eta ezetza jaso; bikotekideak telelana egiteko aukerari ere, ezetz… Gu ez omen gaude gaixorik, produkzioak ez du etenik! Aitona-amona, zaintzaile eta lagunak martxan jarri beste erremediorik ez digute uzten, berez, arrisku-taldekoak diren horiek arriskuaren lehen lerroan jarriz.
Eta gure galderak ere, bosgarrenez errepikatzen dira: nola nahi dute alabak berrogeialdia egitea, gurasook lanean jarraitu behar badugu? Nola uztartu lana eta zaintza inongo baimenik ez badugu egoera hauen aurrean? Bost berrogeialdik suposatzen dituzten 50 egun nondik atera behar ditugu familiok? Eta berriz ere, aurreko aldietako abandonuaren sentimendua, amorrua eta inpotentzia. Hau jasanezina da! Familiok ezin dugu gehiago. Nola da posible pandemia honen kudeaketa egiten dutenen (eta egin nahi dutenen) ahotan gai hau ez aipatzea ere? Existituko ez bagina bezala… Nola da posible guzti honen aurrean familiak horren bakarrik egotea? Horren babesgabe?
Erantzunik gabe jarraitzen dugu ikasturte oso baten ondoren, eta ez dut uste horrelako beste ikasturte bat jasatea dohainik aterako zaigunik.