Konplizitatea, kolektibotasuna eta konpromisoa
Amaitu da hirugarren Euskaraldia. Milaka Donostiarrek egin dugu beste behin ahalegin praktikoa hamabost egunez gure hizkuntza-ohituretan aurrerapausoak emateko.
Nire kasuan jarraitu dut ekiten, zenbaitek orain ekin diote eta beste batzuk etorkizunean ekinaraziko dituela pentsatu nahi nuke. Hitzez ekitea, jarrera aktiboa hartzea baita, erosotasunaren eremutik atera eta ohitura berriak praktikan jartzea. Hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela frogatzen baitu Euskaraldiak.
Nik aspaldi egin nuen lehen hitza, eta baita bigarrena ere, euskaraz egiteko hautua. Lagun batek dioen moduan, guk euskararen presentzia eta ausentzia aztertzeko betaurrekoak jarrita ditugu. Baina bakarrik ezin da, lagunekin bai, eta Euskaraldiak hori dakarrela esango nuke, euskararen erabileran aurrera urratsak egiteko gogo kolektibo bat, hitzez ekiteko garai bat.
Ahobizi izan naiz hirugarren aldiz, eta horrek zer dakarren? Ba, konpromisoa. Esan nahi du prest nagoela nire hizkuntza ohiturak aldatzeko; prest nagoela euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz egiteko, eta ezezagunekin lehen hitza euskaraz egiteko. Alegia, nire kasuan, euskaraz bizi nahi dudala ahal dudan momentu guztietan.
Euskaraldiak ez dizkit tximeletak sortu sabelean, ez dut zirrara berezirik sentitu txapa soinean neramala. Bai akaso konplizitatea, kolektibotasuna eta konpromisoa. Euskaraldia ariketa praktiko bat delako, egunerokoan ekitea eskatzen duena, kontzientzia hartuaz eta hizkuntza hautuetan klik txikiak eragiten dituena.
Baina, Euskaraldiak mundu bat ireki didala esango nuke, Donostian euskara ulertzen duen mundu handi bat, ulertu bai baina milaka motiborengatik egiten ez duena; gaitasun falta, lotsa, beldurra, jariotasun falta, ziurgabetasuna, ohitura falta… Polita da sentitzea euskarari ateak irekitzeko jarrera aktiboa hartu dutela oraingoan ere milaka herritarrek, euskarari ekin diotela, finean.
Egiturazko hutsuneen erdian, Euskaraldia ez da euskarak dituen arazo guztiak sendatzeko antidotoa. Ez dira gutxi gure hizkuntzak dituen ajeak eta hargatik euskararen normalizazioaren eta berreskurapenaren aldeko ekinbide guztiak behar ditugu. Uste dut horretan eragiteko palanka dela Euskaraldia, jakinik ukitu beharreko eremuetako bat dela hizkuntza ohiturena. Baina euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko bultzada dakar. Beraz, etor daitezela hitza eta ekintza lotzen duten egitasmo gehiago. Eta har ditzala hala dagokionak urrats irmoak egiteko konpromisoak. Hitzez ekiteko garaia!