Kontrasteak
Jendearekin lan politikoa egin behar denean, badago frustrazioa sortzen duen elementu bat: sekulako kontrastea egoten da komunikabideen bidez zabaltzen denaren eta errealitatean bizi dugunaren artean. Kontraste hau, jakina, ez da beti dirudiena bezain agerikoa izaten, eta askotan lana izaten dugu esaten diguten gezurraren eta gure begiekin ikusten dugunaren artean bereizten.
Donostian, dena den, gero eta argiago ikus dezakegu gure hiriaren inguruan saltzen diguten irudiaren eta errealitatearen arteko distantzia. Negoziorako postal bilakatu da hiri hau, ordaindu dezakeenak paisaiaz zein pintxoez disfrutatzeko. Donostiar askok, baina, badakite hiriaren inguruko gidetan agertzen diren tabernetan arrotz direla, postal horretan agertzen diren etxeak (baita periferiakoak ere) ordaindu ezinezko luxua direla, eta beraz, postalen atzealdean egoten den helbidearen lerroak hutsik jarraituko duela haientzat.
Etxebizitzari lotuta, kontraste horren adibide berri bat izan genuen aurreko astean, denboraren kointzidentziak are iraingarriago egin zuena: Donostiako kaian, Elizak negozioa egiteko, auzoko gazte bat kaleratu nahi duen bitartean, telebistan Aita Santuaren tour-aren turra jasan genuen, eta zazpi minutuz txaloka aritu zitzaizkion Espainiako Kongresuan diputatu gehienak, Donostian alkatetzan zein oposizioan dauden alderdiak (EAJ, PSE eta EH Bildu) barne.
Izan ere, hori da gaurko artikuluan aipatu gabe utzi nahi ez dudan eta gero eta agerikoagoa den kontrastea: alderdi instituzionalek saltzen dituzten neurrien eta haien benetako asmoaren artekoa.
«Bada garaia inposatu nahi diguten hiri eredu horren aurka antolatu eta borroka egiteko, baita Donostiako Udalari maskara kentzeko ere: haiek dira hiri eredu honen erantzule»
Insausti alkateak Donostiarra 2040. Topera egitasmoa aurkeztu zuen aurreko astean. Bere hitzetan, hiriko erronka ezberdinei (tartean, ekonomia, etxebizitza, segurtasuna…) «elkarrizketa kolektibo handi baten» bitartez emango zaie erantzuna. Bost egun beranduago, baina, argi utzi zuen zein den elkarrizketa kolektibo horrekiko duen konpromisoa, soilik azken hilabetean Donostiako udalak 1.500 kartel eta pankarta kendu dituela esan zuenean. Elkarrizketa berean, gainera, adierazi zuen uda honetan bertan 100 polizia gehiago izango ditugula kartel zein pankarta horiek jartzeagatik militanteak jazarriz eta, beraz, eskubide politikoen aurkako erasoak areagotuz.
Alde batetik, haien politika instituzionalek aberatsak aberatsago egiteko Donostiako langileria pobretu edota kanporatzen dute, betiere «erronka», «plan» edota «elkarrizketa kolektibo» izena daukaten egitasmoen bitartez. Bestetik, inposatu nahi duten hiri ereduaren aurka antolatzen garenon politika egiteko baldintzak deuseztatu nahi dituzte, eragile zein kolektiboen propagandarako eskubidea erasoz eta polizialki jazarriz.
Bada garaia inposatu nahi diguten hiri eredu horren aurka antolatu eta borroka egiteko, baita Donostiako Udalari maskara kentzeko ere: haiek dira hiri eredu honen erantzule, eta baita eredu horren aurka antolatzen garenon aurkako borrero ere. Ekainaren 27an, aukera paregabea dugu kaleak hartu eta hori argi adierazteko. Hiri eredu kapitalistaren aurka borrokatzeko, 12:00etan denok Bulebarrera.

