Kontxa, eta Kontxak!
Kontxako estropada, bakarra, bereizia dela esango dute, eta esango dut nik ere. Baina, Kontxako estropadak, Kontxa asko ditu.
Zeren, Kontxako estropadak entzun eta askori… lehen parranda etorriko zaio gogora.
Edo lehen txakolin tragoen buruko mina.
Edo lehen muxua.
Edo, izenik gogoratzen ez duzun tabernako komunean, ahaztu ez duzun harekin sartu zinenekoa. Edo, Juantxoko bokadilloa hartu eta etxerantz bertso zaharrak kantatuz, bidea arinagoa izan zedin. Edo, ordezkoen aulkian egotea egokitu eta, haserrea, amorrua, pena, mina norbere barruan nahasi eta, Donostiatik ihes egin eta Zarauzko euskal jaietan bukatu zenuenekoa.
Edo, estropada bukatu, lehen tragoa hartzera joan eta bazterretik, txiste tonua “Iritsi ahal dira Donostiarrak helmugara?” entzuten duzunean.
Edo, lagunak kale egin eta, Ikatz kalean ezaguna den inor topatu arte, noraezean, parrandarako norbaiten bila zaudenean.
Edo, lehen igandeko giroa hobea dela aldarrikatu eta, bigarren igandearen zain zaudenean.
Edo, Kontxako biharamuna jai hartuko duzula lanean argudiatu behar duzunean.
Edo, manifa osteko kale borrokak bukatzeko desiotan zaudenean, ziabogarik gabeko parranda nahi duzulako.
Edo, zure urte sabatikoari bukaera ematea erabaki eta biharamunean, ergometroan (arraun makinan) jarri eta izerdia botatzen hasten zarenean.
Edo, azken muxua.
Edo, zerbeza beroa hain txarra ez dagoela ohartzen zarenean.
Edo, beste talde bateko arraunlari batekin topatu eta, kale erdian kamiseta aldatzen duzunean.
Edo, zure betiko kaleko adin media dezente igotzen duzula ohartu eta, kale berrien bila zoazenean.
Edo, 40 urte, arraun egiteko adin oso ona dela sinistu eta itzultzeko gogoa pizten zaizunean.
Edo, zure tostakide zirenak, tanda irabazten ikusi eta, kopetan inbidia hitza marrazten zaizunean.
Edo, irabazleen poza ikusi eta “ederra izan behar du” pentsatuz, denboraldi berrirako bost kilo jaitsiko dituzula entrenatzaileari zin egiten diozunean taberna ilun bateko musika baflearen pean.
Edo, “aurtengoa azkena izan da”, esaten duzunean.
Irutxuloko lagunek Kontxaren inguruan idazteko eskatu zidatenean, zeri idatzi ez nekienez, idatz nezaken guztiaz idatzi dut. Kontxa bakarra da, baina… Kontxa asko ditu Kontxak.