Kredituak
Amaieran azaltzen dira beti, baina haiek gabe ez dago filmerik. Ikusi duguna bereganatzeko tarte bat behar dugulako edo besterik gabe, altxatzeak pereza ematen digulako, haiei begira geratzen gara. Kredituak dira. Zutabe honekin gaur amaiera ematen diot film eder bati. Bost urte igaro dira Irutxuloko Hitzako Estitxu Zabalaren deia jaso nuenetik galdetuz ea Loretopetik atalean idatzi nahi nuen. Gustura hartu nuen erronka, nahiz eta hasieran zalantzak ere izan. Nori axola zaio nik idatzi behar dudana? Nondik aterako ditut ideiak?
Azkar topatu nuen bigarren galderaren erantzuna. «Lagun batek esan zidan behin» makuluari heldu nion hasieran, izan ere, hemen plazaratu ditudan ideia gehienak lagun desberdinekin izandako elkarrizketetatik datoz, tartean Jon Urbieta edota Eneko Santxezekin hitz egindakoetatik. Loiolako Sustrai aisialdi taldeko gazteek ere eman izan didate idazteko gairik (Udane, Libe, Nagore, Maider, Nahia, Leire, Naroa, Unax, Oier…). Eta hari hauei tiraka lortu dut urte hauetan zehar zerbait idaztea, balekoa izan ote den edo ez hori zuri dagokizu epaitzea, irakurle.
Estimatzen ditudan pertsonei «maite zaitut» esateko ere erabili izan dut tarte hau. Lehen zutabea Pili Jauregiri eskaini nion, eta ordutik, miresten ditudan beste lagun batzuen inguruan ere aritu naiz. Ezin ahaztu, adibidez, Loiolako arriskutsuenak (Kepa, Rober, Marisol, Ismaela, Miren, Joxan, Tere, Angel, Mitxi, Txato, Tato, Beloki…). Txutxoren croissantak eskertzeko tartea ere hartu dut, eta nire erreferente politiko handienari, amari, omenaldi txiki bat egiteko probestu ditut lerro hauek.
Nerea Lizarralde eta Irutxuloko Hitzako erredakzioan lanean aritu direnek ere izan dute zer ikusia honetan guztian. Aitortzen dut, ez naiz izan beti behar bezain puntuala eta tartean zuzentzeko ere lan dezente eman dut.
Behin bakarrik gertatu izan zait ideiarik ez nuelako idatzi ezin izatea, eta momentu hori konfinamendu gogorrena amaitu zenean izan zen; hor jabetu nintzen benetan idazten nuena ez zela nirea baizik eta nirekin aritzen zirenena. Nire argazkia azaldu da beti, bai, baina azken zutabea denez, aitorpen bat egingo dizuet, inpostore bat naiz!
Zutabe xume hau hainbeste pertsonen laguntzarekin idatzi den bezala, Irutxuloko Hitza ere komunitate handi baten artean idazten dugu; beraz, bultza Hitza!