‘Kriston helikopterua’
Askok agian ez dute jakingo, baina Loiolan izan genuen heliportu zibil bat. Zibila diot, zeren Urumearen beste aldean bada bat, baina hori ez dago auzotarron esku. 2000. urtearen lehen hamarkadaren bueltan Loiolako gaztetxean mugitzen zen gazte asanbladak «eraiki» zuen, eta orain dela urte batzuk arte, Google Maps-etik ikus zitekeen Loiolako azpiegituren garai loriatsuaren erakusle izan zen obra zibil (eta punki) hura.
Baina zergatik ekarri nahi izan dut gogora xelebrekeria hau? Aurreko astean ikusi genuen nola helikoptero batek kendu zuen orain arte Santa Klara uhartean egon den garabia. Cristina Iglesiasen eskultura bertan jartzeko, txikizio bat egiteaz gain, dirutza gastatu du udalak. Eta helikopteroarekin despistatuta geundenean, oharkabean beste bi berri. Bata Loiolatik, Astiñeneko zubiaren lanak atzeratuko direla. Eta oharkabean diot, auzoan ez baita inor harritu auzoko azpiegitura baten lanek atzerapen bat jasango dutela jakitean. Agian izango da gure heliportua landarediak jan duelako eta helikopteroak ez dakielako non lurreratu inguru honetan.
Txomiñenean ere ez dira garai onenak obra publikoetarako. Arteleku plazan kokatu behar zituzten ekipamenduen eraikuntza atzeratzea erabaki du udalak, izan ere, gaur egungo egoera ekonomikoa ez da hoberena, eta horrelakoetan lehentasunak ezarri behar izaten dira. Bada, gomendio bat eman nahiko nieke Txomiñeneko lagunei: libre geratuko den espazioan marraztu dezatela heliportu bat klarionarekin. Guri egin ziguten kasu bera egingo diete, baina, gutxienez, primeran pasako dute.