Kukutxa: Berriro min hau
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Mindunak gara. Mingarriak izaten ere badakigu. Gizakiok askotariko minak ditugu, eta iaioak gara horietako asko erreproduzitzen. Badut min bat baino gehiago, baina bat bederen, lantzean behin telebistaz ematen didate. Iruñeko Euskal Jairen mina ongi iltzatua dut; Egiako Ametseneakoa ezin ahaztuzkoa zait; eta orain, Bilboko Kukutzak egin dit bere lekua. Zeinen erraz eraisten dituen botere grisak urte luzeetako herri-lanak. Telebistak hondeamakinek Kukutza nola eraisten zuten erakutsi diguten egun berean jaso dut gutuna. Kortxoenean lanean diharduen lagunarena. Eta lerro artean kontatu dit nola garatu duten bilbotarrekiko elkartasuna. Hain zuzen ere, gaztetxeak, konpromiso eta elkartasunaren bidez lotutako harreman zintzo eta emankorrak eraikitzeko leku bizia dira. Eremu libreak. Auzo, hiri eta herri berri baterako oinarrizko printzipioetan eragin eta erabakitzeko eskubidearen gainetik erabakitzeko gaitasuna praktikan jartzen duten proiektu sozial autogestionatuak. Aginduak ematera ohituta daudenek ez dituzte gogoko. Ez dute nahi bizitzarik eurek ezarritako joko arauetatik kanpo. Eta horregatik eraisten dituzte. Laguna ere, kartzela zigorra ezarri diezaiokeen ebazpenaren zain da. Zeharkatzen gaituen garai honen ezaugarrietako bi, erabaki publikoen alienazioa eta politikaren pribatizazioa dira. Ziurrenean, udalen esku dauden eraikin gehienak baino publikoago dira gaztetxeak; politika publikoa diodanean, herri mailako politika ulertuz. Eta Bilbon gertatu bezala, gaztetxeen gaia alderdi ekonomikora zuzentzeak gatazkaren oinarria desbideratu besterik ez du egiten. Bada, lagunaren gutunari tiraka, irakurri dut nola Ulia magaleko fabrika zaharrak jabe berriak dituen. Gazteek eraikina hiriari zabaldu ziotela erosi omen zuten. Eta lanak hasi bitarte bertan geratzeko “baimena” (?) eman dieten arren, ekonomiaren arauak gailentzen dira. Poztu nau, zinez poztu ere, donostiarron udal gobernu berriak espainiar polizia autonomikoak Bilbon erabili duen basakeria salatu izanak. Eta espero dut, zinez espero ere, hondeamakinek eragindako min hau, Donostian gehiago ez errepikatzea. Ez bada aurrez gazteekin alternatiba adostua izan dela; Georges Perec idazle paristarrak esan bezala, espazioa zalantza hutsa besterik ez baita. Etengabe konkistatu beharrekoa. Bizi dezagun Donostia politika publiko berritzaileen gune konpartitu bezala. Bizi dadila Kortxoenea eta orain Uxotegi ere bai.