Lanean ari gara eta lanean jarraituko dugu
Bizi izan dugun eta bizi dugun egoera honek hainbat ikasbide utzi dizkigu, baita euskararen eta hizkuntza eskubideen esparruan ere. Zoritxarrez, ez oso zapore gozokoak: euskara eta hizkuntza eskubideak bigarren mailan geratu direla ikusi baitugu.
Hedabideei erreparatuta, EITB adibide gisa hartuz, euskararen inguruan urraketa dezente ikusi ditugu konfinamendu garaian. ETB1 izan zen autonomia erkidegoetako kate bakarra programazioa murriztu zuena. ETB2k eta Radio Euskadik ohiko programazioarekin jarraitu zuten bitartean, ETB1ek astegunetako bazkalondoan eskaintzen zituen bi saio desagertu egin ziren, aspaldiko kirol ikuskizunak eskaintzeko. Gauza bera gertatu zen Euskadi Irratian ere; larunbat goizeko Goiz Kronika-ko solasaldiaren ordez, aspaldi euskal kirolariei eta atzeratu diren Olinpiar Jokoen harira egindako elkarrizketak eskaini zituzten.
Erakundeen erabilera aztertuz gero, gaztelania nabarmen areagotu zela ikusi genuen UEMAK egindako adierazpenei esker.
Beste adibide garbi bat turismoa erakartzeko bideoetan Jaurlaritzak erabili zuen hizkuntza irizpidea izan zen.
Berdin gertatu zen hiritarren eguneroko bizitzan, lanean, erakundeekin harremanetan zein bestelako egoeretan, erakusleihoetan topatu ditugun oharretan eta argibideetan. Denok barneratu dugu edo barnerarazi digute gauza garrantzitsuak gaztelaniaz kontatu behar omen direla. Horren erakusgarri izan da, Donostia osoa gaztelania hutsezko kartelez josita ikustea. Horren erakusgarri izan da establezimenduen irekierarekin batera, Bagera Elkarteak ekainean erakusleihoen hizkuntza neurketan ateratako emaitza kezkagarria. Donostia erdialdeko lau kale nagusietan behatutako 141 establezimenduetatik %65,96 gaztelania hutsez zituzten COVID-19ari aurre egiteko jarraibideak.
Egoera honek, beste normaltasun orekatu bat behar dugula ikustarazi digu, eta ziur gaude horretan euskarak ere bere ekarpena egin dezakeela. Euskara ardatz duen gizarte bat, gutxitutakoekiko begirunean eta errespetuan oinarritzen delako. Eta ondorioz, gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko gakoa da.
Aldi berean, Euskaraldiaren urtea ere izan da. Egoerarik zailenetan ere, milaka lagun hizkuntza ohiturei astindu bat emateko prest agertu da berriro ere. Txapa paparrean, irribarreak ikusten zaila den urtean. Milaka lagun kalean, lanean edo etxean hizkuntzarekiko inertziei aurre egiten eta inguruan aldaketak eragiten ikusi ditugu. Euskararentzat eta guretzat mundu berriak zabaltzen, espazioak euskaraz lasai aritzeko gune bihurtzen. Baina, Euskaraldia ez da nahikoa. Egun batzuetan egindako ahalegin horrek etengabekoa izan behar du, bai herritarren aldetik, eta bereziki, baita erakunde, agintari, enpresa, sindikatu eta, oro har, eragileen aldetik ere.
Beraz, nahiko lan dugu denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz aritzeko!
Bide horretan, Bagera Elkartea osatzen dugun ehunka bagerakideen laguntza ezinbestekoa izan da eta izango da.
Bidea luzea izango den arren, guztion lanari esker lortuko dugu Donostia euskalduna eraikitzea.
Lanean ari gara eta lanean jarraituko dugu.