Laster arte, Itzi
Gaur goizean berri txar bat jaso dut. Nire auzoan, Gros auzoan lan egiten duen neska batek, aspaldiko lagun batek, datorren abuztutik aurrera bere ogibide izan den ileapaindegia ixteko intentzioa duela esan dit, erabakia hartua duela.
Bere eskulanak, hogei urtetik gorako jardueran mantendu du lan munduan, urtebeteko haurrei zein 80 urtetik gorako andre eta gizonei zerbitzua emanaz. Bere agenda pertsonala eta profesionala, berbera izan dira. Bere gastuak, inbertsioak, bere opor egunak, ordutegiak eta erosketak doitasun handiz neurtu behar izan ditu «bizirauteko», eta auzoko biztanleen bihotzetan txoko txiki bat eraiki du bere laguntasun, profesionaltasun eta adeitasunagatik.
Irutxuloko Hitzan ere, Donostiako hedabidean euskararen aldeko apurra ere emateko egin izan du esfortzua hainbat garaitan, ahal izan duen neurrian.
Itziar Abad da, Txofre enparantzan eta aurretik Groseko Gloria kalean bi hamarkadatan lanean aritu den ile-apaintzailea. Beti langile, beti irribarretsu, beti auzolanean komertzio txikien alde lan egiteko prest.
Beste langile askoren moduan, pandemia gogaikarri honen ondorioz, eta instituzioen laguntza falta izan dela eta, berorrek dioen moduan, negozioa abian mantentzeak ez du merezi. Alokairuek ez dute barkatzen, eta, tamalez, gaur egun badago bideragarria den negozio bat garai txarretan ixten duen ugazaba talde bat, nahiago duena hori egin, alokairuan beherapen bat aplikatu eta zerbitzua ematen jarrai dezan baino. Zerbitzua auzo bati, herri bati, gizarte bati. Ugazaba partikularrek laguntzen ez badute, behintzat erakundeek egin dezatela, horretarako baitauzkagu.
Pertsona batzuei buruz ez du inork hitz txarrik, ez da inoren etsai ezta arerio ere, eta persona hauek izaten dira sarritan nortasun desegoki eta forma txarrekin tratua izan ohi duten pertsonei irribarre bat oparitzen dioten pertsonak. Itziar horrelako pertsona da.
Hogei urteren ondoren, ileapaindegi berri bat bilatu beharko dut.