Lata baten begiradatik
Sekretu fantastiko bat kontatzera nator munduko txoko honetara: esnatu eta lata batekin irteten zara etxetik, eta eguerdian itzultzerakoan, kamera bat daramazu besapean. Esango dute teknika dela, baina nik fantasia eta purpurina sentitzen ditut bihotzean.
Ez dago pantailarik, ez botoirik, ez momentuko emaitzarik. Kamera digitaletan eta analogikoetan, gutxienez, bisore batetik ikus daiteke errealitatea, baina esku artean lata batekin egindako kamera bat duzunean, ezjakintasuna eta ezustekoa utzi behar dituzu protagonistatzat.
Tira, prozesua bada jarana polit bat: argazkia atera aurretik, lata-kamerarekin sartu behar zara ilunpetan dagoen gela batean, eta argi gorri batek bere lana egiten duen bitartean, paper berezi bat sartu behar duzu lataren barrualdean. Zintarekin ondo itxi behar duzu dena, zuloak guztiz estaliz, bat izan ezik. Estalita eramango duzu kalera, eta segundo zehatz batzuen bueltan irekita utziko duzu zuloa, argazkia atera arte (kalkulu matematikoa da hau, sorpresa, sorpresa). Eta tira, gero paper hori, gelan berriro, likido ezberdinetan urperatu behar duzu. Baina gehiago jakin nahi baduzu, izena eman Nagore Legarreta argazkilariak antolatzen dituen tailerretako batean, eta flipatuko duzu. Argazkilaritza estenopeikoa maneiatzen du eta aparta da. Aparta tailerra eta aparta Nagore.
«Argazkilaritza estenopeikoa erritmo frenetikoari eta kapitalismoari kontra egiten dion praktika txiki bat da»
Aparta Nagore eta aparta Teila Fabrika, espazioagatik. Aparta Teila Fabrika eta aparta Setem Hego Haizeak, tailerra babesteagatik. Aparta Setem Hego Haizea eta aparta Cactus tabernako Aitor, plaza eta auzoa zaintzeagatik.
Pasa den igandean egon nintzen tailer honetan, eta argazki bat atera nuen, nik neuk, lata batekin eraikitako kamera batekin. Aitor tabernako atean irribarrez eta jostari dago, nire aita eta bion ondoan, baina ez zaigu ikusten. Palmondo bat antzematen da, auto baten aurrean, eta kale estuak sakontasuna oparitzen dio argazkiari.
Kamera estenopeikoak merkeak dira, eta inperfektuak dira. Ez dute emaitza ziurrik eskaintzen –niretzat, behintzat– eta ariketa artistiko bat baino, erritmo frenetikoari eta kapitalismoari kontra egiten dion praktika txiki bat da. Izan ere, Donostiaren erritmoa gelditu, errendimendua hankaz gora jarri eta irudi «garbia» zikintzen dute.
Magia da kamera estenopeikoa, zintzoki.
