Lau urteko espetxe zigorra?
Pasa den urtean, osasun larrialdiaren aitzakipean, gogor oldartu zen Ertzaintza euskal gazteriaren aurka. Erabateko inpunitate poliziala, atxiloketa arbitrarioak, isunak, epaiketa politikoak… ez dira kontu berriak herri honetan; tamalez, aski ezaguna da errepresioa zuzenean sufritu dugun eta ez dugun guztiontzat.
Manipulazio mediatikoan oinarritzen den estrategia zahar hura baliatuz, gazteria kriminalizatu eta egiturazko krisialdi honen ondorio larriak ezkutatu nahi izan ditu klase menperatzaileak; bide batez, kaleen erabateko kontrola eta indarkeria polizialaren normalizazioa bultzatu dituelarik. Gazteok arduragabe gisa, eta polizia osasun kolektiboaren aldeko ekintzaile gisa aurkeztu ditu (inolako zentzu sanitariorik ez zuten jazarpen neurri murriztaileen indar betearazle baino ez zirenean).
Eta arduragabe, biolento, lapur, talde antolatu… moduan aurkeztu gaituzten gazteok: egunez egun Euskal Herri berriaren oinarriak eraikitzen ari gara, larrialdi egoeran zaintza sareak antolatu genituen, aisialdi taldeetan parte hartzen dugu eta langileen eskubideen defentsan lehen lerroan kokatzen gara.
Inolako festa eta kaleko edanik gabe, auzoko plaza eta kaleetan garagardo bat edateko elkartu ginen gazteon aurka oldartu zen polizia, inolako justifikazio eta proportzionaltasunik gabe. Guztia grabatzen den garai honetan, erraz asko gezurtatu daitezke bertsio ofizialak; auzoko gazteok ez dugu ahazten gure lagun Nahuel Gomez tabernariari nola hautsi zion matelezurra pilotakada batek, «Jotzeko egingo dugu tiro!» aginduaren ondorioak…
Pasa den urteko istiluen ondorioz auzipetuak izan dira hamasei gazte. Horien artean, bi gaztek isun ekonomikoak jaso dituzte eta beste hiru gaztek haien aurkako akusazio faltsuak onartu behar izan dituzte kartzela zigorra ekiditeko (hirurak baldintzapeko askatasunean daude). Orain ordea, akusazio faltsuetan oinarritutako muntaia polizialaren ondorioz (bideoen bitartez frogatu dugun bezala) desorden publikoak eta autoritateari eraso egitea egozten diote gazte bati, eta 4 urteko espetxe zigor eskaera duen epaiketa politikoari aurre egin beharko dio. Bestalde, gainontzeko gazteak etor daitekeenaren zain daude.
Parte Zaharra Aske! Plataformatik, datozen hilabeteetan antolatuko ditugun ekintza eta mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Guztion ardura delako elkartasuna antolatu eta errepresioari modu bateratuan erantzutea.