Lautadan
Ezusteko gorakadak. Ezinbesteko jaitsierak. Lautadan egonkortzea. Aldapan gora, pausorik pauso. Gorenean utzi. Mendiaren terminologia darabil musikaren testuinguruak askotan, eta zergatia uler dezaket: ni neu ere konbentzituta nengoen ibilbide musikal batek nahitaez goranzko aldapa bat igo behar zuela, inoiz ikusi ezin den gailur baten bila.
Liherren etenaldi honen berri eman genuenetik, jende askok galdetu digu ea zergatik uzten dugun gorakadarik handiena izaten ari garen momentuan. Galdera horien atzetik dagoen estimuari entzungor egin ezin diodan arren, bi gauza argitzea egokitu zait kasu horietan: bat, ez goazela uztera; eta bi, gorakadaren kontu honekin dudan nahasmenduak ez didala beraiek horren argi ikusten duten aldapa edo gailur horretaz gozatzen uzten. Beraz, nahasmendu hau sendatzeko terapia gela batean banengo bezala, mendiaren terminologia guztia albo batera utzi, eta Liherrekin ia bederatzi urte hauetan egin dugunari beste prisma batzuetatik begiratzeko eskatu dit nire garuneko psikologoak.
Hasteko, geografikoa. Ez dut uste horrenbeste plaza ezagutzeko aukera ematen duen beste jarduerarik existitzen denik. Euskal Herriko euskalki guztiak belarrietan etxeko sentitzea. Eszenatoki atzean ezagututako langile jator guztiek ofizioaren inguruan irakatsi didatena.
Liherren ibilbideak malda batek baino askoz gehiago eman dit. Bihar egingo dugun azken ospakizunean,
beste prisma guztietatik jaso dudanaren gozoa sentitu nahi dut
Bestetik, sormenarena. Barneko instintu horri kasu egitearen beldurra kentzen joatea pixkanaka, ohartu naizenean eroritakoan egindako ubelak denborarekin joan egiten direla, eta ez direla hainbesterainoko kolpeak izan. Taldean sortzea, delegatzea, besteen ideietan konfiantza jartzea, besteen talentua miresten ikastea. Buruan zenuen hazi hori, talde lanean kantu bilakatuta ikusteak sortzen duen zirrara deskribaezina.
Azkenik, lagun taldearena. Hainbeste ordu batera egiteak ia-ia familia bilakatzen baikaitu. Bere argi-ilunekin, bere gatazka eta konponbideekin, bere harmonia eta tentsioarekin. Nekez imajina dezaket gu lauok eszenatokian jotzen ari garen bitartean sentitzen dudana baino emozio zoriontsuagorik.
Liherren ibilbideak malda batek baino askoz gehiago eman dit. Bihar egingo dugun azken ospakizunean, beste prisma guztietatik jaso dudanaren gozoa sentitu nahi dut.
Eta itzultzen garenean ere, ez dadila aldaparik egon zain. Gure azalek bat egin dezatela lautadan.