Lesbianei eta bollerei, eta horien arteko dantzei
Igande honetako Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Eguna baliatu nahi dut azkenaldian buruan bueltaka dudan gai bati heltzeko: «lesbiana» eta «bollera» terminoen arteko bereizketari. Egun sinboliko honek aukera ematen dit kontzeptu hauek ez soilik izendatzeko, baizik eta sakonago aztertzeko. Zer esan nahi duten gure egunerokoari eta gure buruarekin dugun harremanari buruz.
Ez da kontu berria honakoa, ezta nire inguruan soilik gertatzen den eztabaida ere. Lagunartean behin baino gehiagotan agertu izan da, eta solasaldi interesgarriak piztu ditu, ñabardurez eta desadostasunez beterikoak. Hala ere, gaiari berriro heltzea erabaki dut, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, «politikoa» zer den eztabaidatzeko beharra sentitzen dudalako. Bestetik, bi terminoen arteko bereizketa zorrotzak zalantzak eta kontraesanak sortzen dizkidalako.
Kalean eta eguneroko hizkeran sarritan egiten dugu bereizketa —nik neuk ere askotan egin izan dut—, eta horrexek badu oinarri ideologiko bat. Ulertzen dudanaren arabera, «lesbiana» da emakume batek beste emakume bat desiratzen duela adierazten duen terminoa, baina, askotan, heteroarauaren markoan kokatzen da, hau da, neurri batean sistema horren logikak onartzen edo erreproduzitzen ditu lesbianak. «Bollera» terminoak, berriz, pauso batzuk harago doan identitateari dagokio: desira abiapuntu hartuta, baina harremanak modu kontzientean politizatu eta ikuspegi eraldatzaile batetik bizitzeaz diharduz. Heteroarautik kanpo kokatzeko ahaleginaz hitz egiten du «bollera» terminoak, eta genero disidentziak bere praktiketan eta aliantzetan txertatzen ditu.
«Identitateak ez dira bloke estatikoak; etengabe mugitzen ari diren egia pertsonalak dira, kontraesanez beteak»
Hortaz, bereizketa ez da etiketa hutsen kontua; bizitzeko moduen arteko tentsio bat ere bada. Auzia ez da soilik nola deitzen diogun geure buruari, baizik eta nola bizi dugun desira, harremanak eta politika. Nire baitan, adibidez, gatazka hori presente dago: klaseari, moralari eta konpromiso politikoari lotutako galdera asko gurutzatzen dira bertan, eta ez da erraza kokapen argi bat aurkitzea.
Horren aurrean, galdera asko sortzen zaizkit. Non kokatzen naiz ni? Zein da nire desira eta zein nire konpromiso politikoa? Zein komunitatetan sentitzen naiz parte? Zer da benetan «politikoa» deitu dezakeguna, eta zer geratzen da etiketa huts batean? Zein harreman ulertu daitezke politizatu gisa, eta nork definitzen du hori? Ba al dago, agian, kultur edo klase bereizketa bat termino horiek erabiltzeko moduan? Nola begiratzen diote elkarri lesbianek eta bollerek, eta zer irakurketa egiten dute elkarri buruz?
Litekeena da galdera hauek erantzun bakar eta itxirik ez izatea. Izan ere, identitateak ez dira bloke estatikoak; etengabe mugitzen ari diren egia pertsonalak dira, kontraesanez beteak. Gaur modu batean ordenatu dezakegu gure pentsamendua eta bihar modu hori aldatu. Eta eskerrak.
Azken finean, nor da bollera eta nor lesbiana? Nor kokatzen da mutur batean, nor bestean, eta nor geratzen da tartean? Nork egiten dio ihes heteroarauari, nork bizi du barrutik, eta nork negoziatzen du bien artean? Eta, agian, garrantzitsuena: nor dago mugimenduan, nor dantzan, definizio itxietatik harago?
Nork erabakitzen du zer?


