Liburuen tenpluak
Pertsona bat hiltzen denean, gertukoek sumatzen dute haren hutsunea. Hurbileko burbuila horretatik kanpo, munduak aurrera jarraitzen du, ez da eteten. Ematen du ez dela ezer gertatu. Antzera gertatzen da dendekin. Hots, denda bat ixten denean, arrazoia edozein delarik ere, harekin harremana izan dutenek nabaritzen dute haren falta. Burua lausotuta ere, ez dut ahaztuko Askatasunaren hiribidean Comet bizikleta denda egon zela urte luzez. Ez eta haurtzaroan, Bidebietan, litxarreriak, kromoak eta beste non erosten nituen: Alfonson eta Palomeron. Dendak ere norberaren biografiaren parte izan badira.
Orain dela gutxi jakin dugu Hontza liburu denda ere agian ez dugula luzaroan ikusiko. Haren bezeroa izan naiz urtetan, baina bezero berezia, izendapena onartzen bazait behintzat. Sarri askotan dendara jo dut liburu jakin bat erostera edo, besterik gabe, liburu dendako apalategien artean paseatzera. Liburu artean paseatzeak ahogozo atsegina utz dezake, benetan. Azalak ikusi, bukaerako iruzkinak gainbegiratu, idazleari buruzkoak irakurri…
«Oraindik zein izango den ez jakinagatik ere, altxorra izango balitz bezala gordeko dut bertan erosiko dudan azken liburua»
2012an, txirrindularitza zaletasunak liburu bat nire kabuz argitaratzera eraman ninduen —gerora beste bi etorri dira—, eta, jakina, bakarkako lana izaki, banaketarako neronek bilatu nituen liburu denda batzuk. Hontzara ere jo nuen, liburua salgai jar ote zezaketen galdezka, eta biziki eskertu nuen laguntza eta gertutasuna. Hontzako liburuen tropelean izan dira nire ekarpen xumeak. Horregatik bezero bereziaren izendapena. Gertutasun horrek parada eman dit gerora bestela nekez lortuko nituzkeen harribitxiak Hontzako lagunei zuzenean eskatzeko. Ingalaterran, Italian eta Frantzian berriki edo duela hamarkada batzuk idatzitako hainbat liburuk Hontzan lur hartu zuten, etxerako bidea hartu aurretik. Oraindik zein izango den ez jakinagatik ere, altxorra izango balitz bezala gordeko dut bertan erosiko dudan azken liburua.
Bukatu aurretik ideia bat: hainbeste ugaritu zaizkigun bisita gidatuetan liburu dendetatik eta liburu denda izandakoetatik igarotzea, eta haiei buruz bisitariei zertzelada batzuk ematea. Liburuen tenpluak ere, daudenak eta joan direnak, badira marko inkonparablea.