Literatur solasaldiak, euskaraz
Solasean liburu baten bueltan, hilabetean behin, solasean lagun artean, bakoitzaren ikuspuntua entzuten, argudiatzen, errespetatzen.
-Gustatu al zaizu?
-Bai, ez, tira…
Bizitza bera bezala.
Solasean, auzoan, solaskideez inguratuta, euskal literaturari erreparatuz erreparorik gabe, aitzakiarik gabe, geure burua janzten, euskal literaturari buruzko topiko ezkor interesatuak uxatzen, bere aberastasuna eta aniztasuna ezagutzen.
-Izan ere erdaretan bai, baina euskaraz kostatu egiten zait.
Zatoz lasai, egokituko dugu irakurketa solaskideon gogoei, mailari, erritmoari, baina zatoz, euskarak altzoan hartuko zaitu.
Literatur generoak kontuan hartuko ditugu, eta idazleak eta gaiak eta egungo errealitatea, edo ez; edo agian hegan egingo dugu fantasiaren eskutik, poemen hegalekin aireratuko gara, aforismoekin bira eta buelta ibiliko gara edo, agian, eleberri beltz baten itzalean ezkutatuko gara, hiltzailea nor den asmatu ezinean… baina zatoz euskarara, euskal literaturara, lagun artera, auzolanera, hizkuntza erabiltzera; izan ere paperean bizirik egon arren ederrago ematen duelako zure, denon ahotik hitza, mintzoa, solasa entzuteak.
Irakurle bazara jakingo duzu, ezagutuko dituzu irakurketaren onurak: denbora, pausatu egingo da, behingoz atseden hartuko duzu zure egunerokotasunean, bihotzaren erritmoa, arnasa bera ere baretu edota goratuko zaizu, denboraren kapsula batean bidaiatuko duzu mundu ezezagunetara, paperezko jende berria ezagutuko duzu, haien sentimenduen berri izango duzu (zureen parekoak direlako bat egingo duzu autorearekin) eta hiru hilabetean behin idazlea bera izango duzu aurrez aurre, bere liburuaren nondik norakoak azaltzen, partekatzen, zure galderei erantzuten, liburua sinatzen.
Lehen eta azken solasaldietan auzoko plazara jaitsiko gara, denen aurrean, begi-bistan, jendeak ikus dezan irakurketa ez dela lau pareten artean gordetzeko sortu; herritarron arnasa, mintzoa, elkar ezagutza eta saretzea duela helburu, gure kasuan, bederen. Eta nork daki, beharbada, idazlea musikaria denean ere edo ipuin kontalaria, kantu pare bat emango dizkigu trukean baita ipuin kontaketa antzeztua ere, zergatik ez?
Hori guztia eta gehiago dira gure literatur solasaldiak, zureak ere izan daitezkeenak gurekin batera euskaraz bidaiatu nahi baduzu liburu baten orrialdeetatik. Hitzordua hilabeteko lehen astelehenetan Amarako Ikasbiden, eta azken asteazkenetan, Egiako kultur etxean duzu arratsaldeko zazpietan, solaskide.