Literatura
Amorratu horietakoa ez, baina, oker handirik egiteko beldurrik gabe, esango nuke txikitatik irakurzalea izan naizela. Nerabezaroan, ezinbestean, gazte literatura deiturikoa irakurtzen nuen; fikzioa, alegia, eta aitortu beharrean nago garai hartan idazleak miresten nituela. Nola ez nituen, bada, mirestuko beren idazlanekin ni ametsetan jartzeko gai zirenak? Liburu haiek magia zuten. Irakurtzen hasi, eta berehala hasten nintzen ikusten, pantailarik onenean baino garbiago, hegoaldeko itsaso eta uharte misteriotsuak, Siberiako lautada elurtuak, Kanadako konifera baso amaigabeak…
Ene iruditerian idazleek esku zuriko eta kultur handiko pertsonak behar zuten. Ez nagusirik, ez ordutegirik, ezta neke zein izerdirik ere… Leku atsegin eta argitsu batean eserita istorio liluragarriak eskuz idazten… Arraioa, ez zen ez lanbide txarra izango! Bai, idazleak idealizatuta nituen.
Gerora gauzak aldatzen joan ziren. Behinola, ni baino helduagoa zen solaskide batek, hizpide dugun gaiaz ari ginela, ahobizarrik gabe, ziplo bota zidan: ‘Idazle? Hago isilik, motel! Horiek denak Gose-ene-ko maizterrak dituk. Hemen erdaraz literatura gutxi irakurtzen duk, eta euskaraz batere ez. Atera hortik kontuak!’. Ekonomia, pentsatu nuen, goragoko ekuazioan aintzat hartu ez nuen aldagaia.
Denbora batez aipatu lagunak esandakoa ahoberokeria hutsa iruditu zitzaidan, baina halako batean, hausnarrean hasita, hain oker ez zebilela ondorioztatu nuen. Urrutira joan gabe, nioen nire kolkorako, neronek ere, asko irakurri bai, baina literatura ia ezertxo ere ez. Edo hori uste nuen nik behintzat, ez baitut inoiz argi izan literatura zer den.
Izan ere, zer da literatura? Denok daukagu ideia orokor eta lauso bat, literatura idazleekin lotzen duena, baina asmatuko al genuke zehatz definitzen? Nik nolabait azaldu beharko banu, literatura idazleen lanaren emaitza dela esango nuke. Hots, ondo idatzitako testuek gordetzen duten, eta irakurlea aho zapore onarekin uzten duen, zera hori. Arima? Magia?
Zer da, baina, ondo idaztea? Txostenek, aktek, dekretuek eta enparauek badute beren araudia. Baina nagusiki gure aisialdia goxatzeko edo gu gogoetan jartzeko xede duten bestelako testuek, usu fikzioaren alorrekoek, ba ote dute halakorik? Nik dakidala, ez. Orduan, zerk egiten du testu bat literario? Nola bereiztu literario dena ez direnetatik? Zer baldintza bete behar ditu? Gauza batzuek oinarrizkoak dirudite: gramatikalki zuzena izan beharko du, eta lexiko zehatz eta aberatsekoa. Horretaz gain, idazkera jasoa, apaina, adierazi beharrekoa indarrez, egokitasunez eta erritmo onez garatzen duena… Ezaugarri subjektiboak gehienak. Beraz, hemen ere, zenbat buru hainbat aburu?
Horrela ibili izan naiz luzaroan, zalantza itsaso batean galduta, harik eta idazle ezagun batek lehorrera atera ninduen arte. Ez dut ondo gogoan zer zen, liburu baten aurkezpen ekitaldia edo, eta bukaeran galderak egiteko abagunea baliatuta, hemen adierazitako kezka azaldu nion. Honela erantzun zidan: ‘Literatura da literatura izateko asmoz idatzitako edo sortutako oro. Besterik da ona edo txarra den’. Alajaina, nik uste baino samurragoa zen auzia!
Horren arabera, literatura hartara emanikoek ondo idatzitakoa bada, bi baldintzetatik bat bera ere bete gabe, esku zurikoa izan arren, ni ez naiz idazle. Baina hori bagenekien lehendik ere, ezta?