Lizardin gora, Marrutxipin behera
Begiak itxi, eta nire hiri idealean nagoela imajinatzen ari naiz. Nire ingurura begiratu eta berdeguneak, etxebizitzak, azoka, jolaserako parkeak, autoz betetako kaleak eta pertsonak ikusten ditut batetik bestera mugitzen. Autoz betetako kaleak? Tira, ez, auto gehiegi ez dut irudikatzen nire hiri idealean. Bai, ordea, txorien kantua eta olatuen etengabeko dantza. Kale biziak eta bizigarriak, atseginak eta lasaiak.
Gogoratzen dut Bilbotik autobusez itzuli eta, Amara Berriko autobus geltokira iristean, leku ezezagun batean nengoela sentitzen nuela. Norbere espazio naturaletik at bezala. Arrotz eta galduta. Horrela izan zitekeen, Amara Berri ez nuelako gehiegi esploratu momentu horretara arte. Gerora ikasi nuen Anoetatik itsasorantz oinez hasi eta lehen biribilgunea Gobernu Zibilekoa zela, eta hurrengo «erreferentziazko puntua» Easo plaza. Hiribide zabal eta hotzak, ibilgailuen zarataz betetakoak. Ez bizigarri, ez atsegin.
Intxaurrondo ere ez da zentzu horretan salbuespen bat. Orografiak auzorako sarbidea zertxobait nekezagoa egiten du, baina ez naiz horretaz kexatuko. Erdialdeko jende askori gure auzora igotzea kosta egiten zaio, batzuek aldapa erabiltzen dute aitzakiatzat. Auzoa bizigarriagoa izan dadin pausoak ematen ari diren arren, bide luzea dago aurretik. Gaurkoan, soziologo betaurrekoak jarri eta Intxaurrondori buruzko titular batzuk idatziko ditut.
Nabarmentzeko, esango nuke inoiz baino gazte gehiago saretu dela Intxaur jaien bueltan. Hori bai erronka gurearen moduko auzo anitz batean!
Ia 16.000 pertsona bizi gara hemen, eta gizon eta emakume kopurua erdi eta erdi banatuta dago, gutxi gorabehera. Batez besteko adina 46 urtekoa da, eta nabarmena da biztanleria piramidean dagoen desoreka. Haur eta nerabe gutxi dago, gainerako adin tarteekin alderatuz. Donostiako auzoen artean errenta baxuena duenen artean dago Intxaurrondo. Auzoko zona asko ez dira irisgarriak, eta horrek muga bat suposatzen die egunerokoan auzoko bizilagun askori. Auzorako sarbide batzuk ez dira behar bezala argiztatzen, eta puntu beltz ugari identifikatzen ditugu horregatik. Hiri osoan gertatzen den moduan, etxebizitza ere arazoa da Intxaurrondon. Gazteok zail daukagu gurasoen etxetik alde egiteko eta, beharrak bultzatuta, gutako askok auzo periferikoagoetara edo beste udalerri batzuetara jotzen dugu.
Halere, hemen dena ez dago gaizki. Nabarmentzeko, esango nuke inoiz baino gazte gehiago saretu dela Intxaur jaien bueltan. Hori bai erronka gurearen moduko auzo anitz batean!