Loiolako arriskutsuenak
Urteko edozein asteartea da, arratsaldeko zortziak, eta betiko legez ari dira Loiolako arriskutsuenak erretiratzen. Ongi irakurri duzu bai, asteartero elkartzen dira eta ordu erdiz egoten dira leku berean geldirik, errepidetik igarotzen diren autoei so. Lehen begirada batean ez zenuke nabarituko jende arriskutsua dela. Hamar lagun inguru izaten dira, eta taldearen batez besteko adina 60 urte ingurukoa da. Asteroko topaketak irauten duen denbora horretan ez dira lekutik asko mugitzen, eta ez dira ere inorekin sartzen.
Pentsatuko duzue orduan ez direla, ba, hain arriskutsuak izango, eta auzoan askok ere hala uste dugu. Baina oker omen gabiltza, izan ere, haiek huts egin gabe elkartzen diren moduan, huts egin gabe ere izaten dute haien aurrean Ertzaintzaren auto bat. Batzuetan geldirik, bi agente barruan taldeari begira geratzen direlarik, eta besteetan autoarekin mantso pasatzen dira haien aurretik bista kendu gabe.
Dirudienez, momentu horretan ez dago Loiola auzoan, eta inguruetan haien arreta merezi duen ezer arriskutsuagorik. Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde adieraztea arriskutsua da hor nonbait. Dena den, jakizue lagun talde honek ez diola Ertzaintzari denbora galarazi nahi, eta horregatik hilabetero eskatzen dieten baimenean, oharren atalean, honakoa mezua idazten dute: “Ez etorri”.