Lorik egingo ote dugu gaur?
Gaueko zortziak dira, kaleko zarata, inor entzuten ari ez balitz bezala oihu egiten duten mozkorren orroak, hooliganak eta haien kantak, reggaetoi kantaren baten baxuko danba-danba, puskatutako kristal hotsak, eta hau hasi besterik ez da egin. Nire burua lasaitu nahian musika jarri dut, nire planekin zerikusirik ez duen festa batetik deskonektatzeko beharra, kontzentrazio falta, bihar goiz jaiki behar dut, burua bueltaka daukat, antsietatea agertzen hasi da eta orduantxe galdetu diot neure buruari: gaur lo egin ahal izango dugu?
Galdera horixe egiten diogu gauero geure buruari Donostiako Parte Zaharreko bizilagunok. Gaur egun, gaueko zarata burkoen azpian dugula bizi garela esan genezake. Nekatuta, nazkatuta eta begi zuloak aurpegitik kendu ezinik bizi gara. Gauza jakina da gure auzoa ostalaritza espekulazioari saldu zaiola, turisten eta mozkorren kontura etekinik handiena lortu nahi duen eredu ekonomikoari, alegia. Gentrifikazioaz eta turistifikazio masiboaz hitz egin genezake, baina, egia esan, dagoeneko guztiontzat ezaguna den diskurtsoa dela esan daiteke, ezta? Argi dago agertoki honetan bizi garela. Ongi, hau argi daukagu eta orain zer egingo dugu?
Bien bitartean, gure bizi kalitatea gero eta kaskarragoa da, gentrifikazioa eta hiria jasaten ari den turismo eredu masiboa sustatzen duten politika horien ondorioz. Balkoietara irten eta ozen eta argi oihu egiteko gogoa dugu: PARTE ZAHARRA EZ DAGO SALGAI!
Aldi berean, gatazkei aurre egiteko orduan eraginkorrak ez diren politiken emaitza bizi izan dugu: polizia kargak Parte Zaharra husteko, eta, sarritan, pilotakada artean etxeratu beharra izan dugu, eskuak altxata eta giltzak eskuan hartuta, auzokideak garela frogatzeko. Pilotakadek eta beldurrez eragindako zigorrek ez dute ezertarako balio. Hori erakundeek bizi dugun gizarte egoerari aurre egiteko duten eraginkortasunik ezaren erakusgarri baino ez da.
Espazioaren erabileraz galdetu beharko genuke; non daude gaztetxea, kultur etxea, haurtxokoa eta Parte Zaharreko Auzo Etxea? Gure komunitatearen arteko errespetua sustatuko duten espazio publikoak behar ditugu, belaunaldien arteko topaketak sortuz, elkarrengandik ikasi ahal izateko. Gizarte eta auzo gisa hazteko, gure kultura transmititzeko eta gizalegea eta zaintzak sustatzeko.
Turismo masiboa hazkunde ekonomikorako aukeratzat jo daitekeela uste badugu, falaziatzat jo dezakegu. Kohesio sozial harmonikoa duen auzo bat eraiki nahi dugu, goizean ogia erosterakoan elkar ezagutu ahal izango duguna, eta, ahal dela, begi zulorik gabe.
Hiritarrok eta hiritarrentzat pentsatutako hiria nahi dugu, pentsamolde berriak sortzeko onuragarria izango dena eta gure kulturaren garapena sustatuko duena. Hori dela eta, beharrezkoa ikusten dugu irtenbideak aurkitzea tokiko ikuspegitik, auzotarrok gure mugak ezarri ahal izateko eta erantzunak herritarron bidetik elikatzeko, eta ez hainbeste bulegoetatik.
Noiz arte jarraituko dugu Parte Zaharreko bizilagunok elkarri galdezka, gaur lo egin ahal izango dugu?
