Lurraren eguna
COVID-19 birusa, beharbada azken abisua; aldatzeko aukera paregabea.
Koronabirusak (SARS-CoV-2) ezbairik gabe, ezustean harrapatu gaitu, baina ez da izan gerta zitekeela ez genekielako. Historian zehar gizateriarentzat arriskutsuak ziren izurriteak askotan gertatu dira, eta batzuk oso larriak izan dira, gripe espainiarra, kasurako, Amerikako Estatu Batuetan sortu zena. 1918an izandako pandemia hark 50.000.000 milioi pertsona akabatu zituen, Lehen Mundu Gerrak baino gehiago, ia bikoitza, eta azken horren amaieran gertatu zen gainera. Erdi aroko izurriteak ere ezagunak dira oso. Oraingoan, ordea, medio gehiago izanda ere, azkar batean zabaldu da mundu osora eta kontinente guztietan zabaldu gainera. Honezkero 170.000 hildako doaz, baina zoritxarrez askoz gehiago eroriko dira. Bestalde, adituek urteak zeramatzaten arriskuaz ohartarazten, gure bizimodua dela eta. Ekosistemen oreka galtzen ari da eta biodibertsitatea arriskuan da. Horrek aldi berean zaurgarriago bilakatzen gaitu, ondo kontserbaturiko ingurune naturala izurriteen aurkako babesik hoberena baita. Gure ahuldade horri globalizazioa gehitzen badiogu, pandemia denbora kontua zen. Ez da azkena izango.
Tamalez, mundu mailako krisialdi ekologikoan murgilduta gaude bete-betean. Lur eremuaren %75 artifizializatu dugu honezkero. Antropozeno izena jarri diogun garai geologikoan bizi gara, eta gure jarduerak milioi bat espezie mehatxatzen ditu adituek 6. Iraungitze prozesuaz ari dira. Lehen ere izan dira, baina sekula ez da hain azkar gertatu, eta inoiz ez du espezie bakar batek eragin. Anfibioak dira ugaztun klaserik mehatxatuena, espezieen herena desagertzeko arriskuan egon liteke eta. 1500 urtetik hona 617 ornodun desagertu dira. Kalkulatu da iraungitze tasa naturala eta azken 5 mendetakoa 100 aldiz handiagoa dela. Azken urteetan, ordea, prozesua azeleratu egin da, 1000 aldiz iristeraino. Gauzak horrela, ekosistema naturalek etengabe ari dira elementuak galtzen eta orekak hausten ari dira. Hortaz, zerbitzu ekosistemikoak, babesten eta zaintzen gaituztenak, galtzen hasiak dira, gure biziraupena kolokan jartzeraino iritsi daitekeelarik. Ez dago B planetarik, baina Lurraren erreplika gehiago baleude bezala jokatzen jarraitzen dugu. Hemen, Euskal Herrian esaterako 2,5 planeta kontsumitzen ditugu urtean, hau da, beste batzuei lapurtzen diegu.
Klima aldaketak eragin zuzena du prozesu hauetan guztietan, biodibertsitatearen galera azkartuz eta arriskuak emendatuz. Ikerketa guztien arabera, negutegi efektua eragiten duten gasen isurketa ez bada geratzen, 4oCtik gorako tenperatura igoerak ekar letzake mende bukaerarako eta espezieen %16tik gora desager litezke. Zoritxarrez, badirudi oraintxe bertan kutsadura erabat geldituta ere zaila litzatekeela tenperaturak 2o c baino gutxiagoko igoera ematea eta horrek espezieen %5,2ren iraungipena suposa lezake. Bodibertsitateak pandemietaz babesten gaitu eta gu ekosistemak suntsitzen ari gara eta aniztasun biologikoa galtzen. Koronabirusak jatorri zoonotikoa du, hots, basafaunan du jatorria. Aurkitu diren gaixotasun infekzioso berrien %75a zoonosiak dira. Hori ekosistemen egoera kaskarren eragin zuzena da. Osasunaren Munduko Erakundeak (OMS) berak arrisku honetaz aspaldi ohartarazi gintuen eta 2016ko txostenean ‘X’ izeneko pandemiaz hitz egiten zuen. Ikerlariek gripe itxurako birusa izango zela uste zuten. Ez zeuden oker.