Maiatzean denok korrikara
Hil honetan Korrika ez da Donostiatik pasatuko, aitzitik, korrika egiteko aukerak bai. Esan bezala, donostiarrok eta ingurukook maiatzean hainbat aukera ditugu hankak martxan jarri, bata bestearen atzetik, arnasa kontrolatu eta hiriko auzoak arakatzeko. Bidebieta, Amara Berri eta Urgull. Hiru zonalde, hiru bizipen, hiru ibilbide.
Bidebietako Txanpontxo jaietan Herri Krosa itzuli da aurten, eta Donostiako Piratetako Kalepoza kofradiak 2024an utzitako egitasmoa berreskuratuko du maiatzaren 31n. Gainera, aurtengo AB Krossa berezia izango da, hamargarrenez egingo baitute euskararen aldeko lasterketa eta Euskaraldiarekin egingo du bat.
Esaten da, komunitatea kokapen geografiko batetik haratago doan zerbait dela eta nolabaiteko partaidetza zentzua duen giza multzoak osatzen duela. Beraz, historia komuna, interes, bizipen eta problematika partekatu jakin batzuek ezaugarritzen duten errealitate sozial anitza da, hainbat ohitura, usadio, arau, sinbolo eta kode dituena. Eta zergatik ez, hainbat gertakari, ekintza, eta jaien errepresentazio eta partaidetza, esaterako, auzoetako komunitateek eskaintzen dituzten kirol ekintzetan.
«Arrakastatsuak izaten dira [kros herrikoiak], proba batera animatzen ez den jende andanak hartzen duelako parte. Bere auzoaren, euskararen edo bestelako hiri baten alde egiten duelako»
Gauetako eskaintzari kontrajartzeko asmoz edo, kros herrikoiak dira, ziurrenik, jaien egitarauetan agertu ohi diren jarduera fisiko errepikakorrenak. Arrakastatsuak izaten dira, hain zuzen ere, normalean korrika egin, baina proba batera animatzen ez den jende andanak hartzen duelako parte. Bere auzoaren, euskararen edo bestelako hiri baten alde egiten duelako. Hori da proposamenaren xarma, ez dela ez markarik, ez erlojurik, ez denborarik behar.
Behobian izena emateko zoramena nagusitzen den honetan, erakusgarritasuna, auzoko eskaintza aberastea edo kaleak hartzea helburu direnak ere badira. 300.000 pertsonako ilara birtualik ez dutenak eta urtetik urtera antolatzaileak, ekimenak eta nahiak aldatzen dituztenak. Hots, herri errealitatearekin bat egiten dutenak.
Korrika egiteko modu asko daude, eta maiatzean gure Donostia eder honetan egiteko aukerak hor dituzue. Hau guztia gutxi balitz, ekainaren 21ean Intxaur Krosa bigarrenez antolatu dute.