Maite ditut
Suziri baten eztandak eman ohi die hasiera jaiei. Edo eman ohi zien esan beharko nuke, akaso? Horrela balitz ere, ni behintzat ez nago jaiez iraganean hitz egiteko prest. Hortaz, suziri hotsez hasi ohi dira festak, beste hamaika herri eta auzoetan bezala, baita Porrontxo Jaietan ere.
Iraila iristearekin batera, urduritu egiten naiz Egiako txokoren batean txupina noiz entzungo zain. Maite ditudalako nire auzoko jaiak, eta, noski, maite dudalako jaietan parranda egitea. Maite dut mozorrotuta desfilatzea. Maite dut auzoko kaleetan barrena txarangari jarraika ibiltzea. Maite dut lagunekin dantza egitea. Maite dut ahotsa galdu arte kantuan aritzea. Muturreraino defendatuko nuke parranda, eta horrek gugan duen eragin positiboa. Baina, oraingoan, ez naiz parrandaren apologia egitera etorri. Jaiek badutelako, parrandaz haratago (edo parrandaren eskutik), bestelako balio erantsi bat: komunitatea.
Gure hiriak bultzatzen duen bizimodu otzan eta indibidualistaren gainetik, batzuok bestelako bizi-ereduen alde egiten dugu etengabe: komunitatean sostengatzen diren ereduen alde. Azken finean, komunitatea delako gure bizitzak eta auzoak bizigarri egiten dituena.
Komunitatea da elkar zaintzea, indarrak batzea, elkar goxatzea, ingurua eraldatzea, ondokoa osagarritzea, plazera konpartitzea, elkarrengandik ikasi eta elkarri irakastea…
Eta, zalantzarik gabe, festek asko dute hortik. Eta Porrontxo jaiek ere bai. Komunitatea sortzeko, indartzeko eta erdigunean jartzeko tresna dira. Komunitate txiki eta handietan sortuak eta gozatuak, nork berean eta ondokoarekin hartu-emanean.
Beraz, bai, maite ditut festak eta parrandak, baina, batez ere, maite ditut komunitatea eraikitzeko, babesteko eta maitatzeko gaitasuna duten pertsona eta uneak. Eta, nola ez, maite ditut nire komunitate txiki-zabala osatzen duten kideak