Maletak kalean
“Nia” gailentzen denean
defendatu arren “gua”,
erdigunea ez bada
bazterraren sostengua,
jaiotzerako patua
izan bada zuzendua,
larruazala ez bada
laztandua, baimendua…
Bazterkeria izaten da
eguneroko menua,
helburu soil bilakatuz
biziaren mantenua.
Kale gorria denean
duzun azken eremua,
zeru-lurren arteko hau
ez ote da infernua?
Atera ahal izateko
babak behar dira eltzean
(e)ta zein abiapuntu du
dabilenak ihesean?
Bizitza ez bada erraza
sendi baten babesean,
pentsa maleta batekin
Europarantz zuzentzean!
Ez omen dugu begirik
azalen zuri-beltzean,
laguntzeko prestu gaude
proiektuan, ametsean…
Babesa azaldu arren
pankarta baten ertzean,
nork hartzen ote du gero
etxegabe bat etxean?
Zer den bizitzak maleta
batzu(e)tara murriztea!
“Ertzaintzak fabrika hustu du”
eman zuten albistea.
Pandemia baten erdian
ez al da ia txistea
jendea bizilekutik
botatzera iristea?
Udalak duen jarrera
hain zaila zait sinistea:
konponbiderik eskaini
gabe gatazka piztea.
Non prestatuko duzue
haientzako gerizpea?
Bigarren bat zabaltzea
baita ate bat ixtea.