Manta, sofa eta liburu bana
Aspaldiko argazki baten kontaketa: izeba Mentxu eta biok Ultzamako etxeko egongelan gaude. Lurreko alfonbra urdin elektrikoaren gainean eserita ikus gaitzakezu, irakurle, mahaitxoan bizkarra deskantsatzen, tximinia piztuta ondoan dugula eta parean, leihoaren bestaldean, erreka. Nik 10 urte inguru dauzkat neguko egun hotz honetan, eta kanpotik sartzen den eguerdiko argi epelak gure arteko sintonia islatzen du. Esku artean, izebak bizitza honetan utzi didan herentzia preziatuena dut, literaturarekiko adorea.
Apirilaren 23an ospatu dugu Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta norberak bere modura ospatuko zuen eguna, irakurtzeko modu asko dauden gisan. Irakurle batzuek ez dute plazera aurkitzen liburuen artean eta aspertu egiten dira, beste batzuek, aldiz, hamaika mundu aurkitzen dituzte: munduan zehar bueltaka ibiltzen dira, zeru berrien azpian lo eginez, zapore berriak dastatuz, behin eta berriro maiteminduz, Poliziaren kolpeengandik ihes eginez, amonaren besoetan lo hartuz, dragoien gainean ozeanoak zeharkatuz edo gerrillatan askatasunaren alde borrokatuz.
Irakurtzeko modu asko daude eta literatura mota anitz dago ere. Idazle bakoitzak luma bere modura paseatzen du orriaren gainetik, eta organikoki egiteko bere tresnak eta bere koloreak ditu. Irakurtzen aspertzen denak konstantzia eta pazientzia baino besterik ez du behar. Konstantzia noizbehinka liburu bat hartu eta horretan mantentzeko, eta pazientzia genero ezberdinetan murgiltzeko eta gustukoena aurkitzeko.
«Liburuek badutelako magia hori, orainaldi zorotik ateratzen gaituzte eta denboraren pertzepzioan galdu egiten gara, existitzen ez den infinituan bidaiatuz»
Murgildu bai, maindire artean gustura asko. Ohikoa da ohera sartu eta lo hartzen ari garen momentu horretan bertan lau kapitulu irakurri nahi izatea. Hala ere, zintzoak izan gaitezen (ni, behintzat); hirugarren orrialdea pasatzerako, kolpez esnatzen nau aurpegira erori berri zaidan liburuak. Hori ez gertatzeko, badut amets bat etorkizunerako: liburu preziatu bat irakurtzea nire etxeko egongelan izango dudan leiho ondoko butaka luze batean, lanpara baten ondoan etzanda, txikitatik gordeta dudan liburutegiaz inguratuta. Manta, sofa eta liburu bana. Liburuak gustura irakurtzeko denbora behar dugu, ez baita soilik eguneko azken orduan egiteko zerbait, eta irakurketak bere espazioa eta tartea duenean, esker onekoa da. Erritmo frenetikoan murgilduta gauden honetan sendabidea da ingurua gelditu eta espresuki irakurtzeko gelditzea.
Liburuek badutelako magia hori, orainaldi zorotik ateratzen gaituzte eta denboraren pertzepzioan galdu egiten gara, existitzen ez den infinituan bidaiatuz eta liburuen barruan soilik existitzen den errealitatera gonbidatuz. Gainera, nire kasuan, irakurketak izebarengana gerturatzen nau, bion begi urdinen begiradak poesia liburuetan galduz, argazkian bezala.
Liburu baten hitzei kateatzea baino plan hoberik ba al dago?