Mantso, baina oso modu ezberdinean
Xabier Vazquez, Realzalea
Denbora mantso joan da azken hiru denboraldietan. Partida osteak etengabe luzatzen ziren, denboraldiak luze-luze egiten ziren eta hiru urte baino gehiago zirela iruditu zaigu. Ez dut lotsarik onartzean derbia faltan nuela, batzuek harro-harro bost axola zaiela esan arren. Batetik Lehen Mailan gauden seinale izan delako, bestetik partida zirraragarriak direlako, eta azkenik, gertatuak gertatu, eroak ero, partida aurretik giro oneko egunak izan ohi direlako. Halaber, denbora mantso joaten ari da Realaren aurtengo partidetan, baina oso modu ezberdinean. Orain partidetako azken minutuak egiten dira luze, baina ondoreneko momentuak gozo. Xixonen eta derbian, Atletico de Madrid beraren aurka moduan, atsedenaldira irabazten iritsi da taldea. Eta zure taldea irabazten ari denean minutuak luze egiten dira. Atleticoren aurka Ayza Gamezek sekulako bigarren zatia egin zuen eta justiziaz hiru puntuak eskuratu bere talderako. Sportingen aurka aldeari eutsi zion Realak eta azken unean handitu. Etxanizek dio bere ondokoek makina bat sufritu zutela… Nik zelaian ondoan nituenek begiratu ere ezin zuten egin. Beraz, baten bati partida ahoz kontatu behar izan nion. Athleticen aurka, atsedenalditik atera eta segituan sartu zuen San Josek bere gol ederra. Zaleena ez dakit, baina Athleticeko jokalariek Realekoekiko duten jarrera erabat txalogarria da. Parranda egin ondoren etxera eramaten dituzte, eta gola sartuko ote duten zalantza dutenean eurek sartzen dute gola euren atean, bazpare. Horrelako arerioekin, zeinek behar ditu lagunak? Halere, bigarren zatia luze egin zitzaidan, edozein kornerretan Athleticek (gure atean) gola sartuko zuela pentsatuta, baina azkenean partida 2-0ekoarekin etxera poz-pozik. Eta ondo goza dezagun astea, Bartzelonatik ezer gutxi (ona behintzat) aterako dugu eta. Atondu diguten liga kaskar honetan bi taldek duten nagusitasuna zalantzan jartzea zaila da. Futbolaz gain, bi ohar. Une mantsoak ez dira beti txar eta azkarrak on. Leteri eginiko omenaldian zein Guk euskaraz abestean denbora mantso joan zen. Une ederra izanda ere. Hartaburu ero batzuk kalean jendea joka ikustean, ordea, denbora azkar doa. Ezintasun eta haserre sentsazioa, baina, luze geratzen da.