Mari Juan Añorga Aduriz-Miramon
Emakume horren kronika 1549 urtekoa da. Egun, Maria Juana izango zen. Garaian Mari Juan. Kronika baino gehiago, ezkontza bati buruzko albistea da. Eguna hastear zegoen Ibaetako Artiga eremuan. Urtarrilaren 28an, Mari Juan Añorga Aduriz-Miramon eta Joanes Berreyarza Unanue ezkontzeko dokumentua sinatzen zuten. Lehenengoa, Joanes Añorga eta Domenja Aduriz-Miramonen alaba. Bigarrengoa, Joanes Unanuen lehen semea zen. Biak etxe handiak, lursail askorekin, ganadu izugarria eta baserri bat baino gehiagorekin.
Garai hartan, ezkontza estrategia diplomatikoa zen senide inportanteen artean. Bi baserri sendotzeko edo ekonomikoki indartzeko ohitura zen ezkontzak adostea. Añorga baserria oso handia zen. Barruan, familiaz gain, ganadu guztia kabitzen zen. Mende batzuk geroago, bere izena emango dio han sortuko den auzoari. Bestalde, Miramon baserria, metro gutxira. Beraien parean, Kristobal Aduriz eta Maria Esteban Miramon. Horiek eta Añorga sendiak Antiguako elizaren fundatzaileak ziren. Barruan euren sepultura zuten. Añorgakoak ebanjelio aldean, eskuinean, eta Miramongokoak bestaldean.
Eskribauaren etxean zeuden, euren seme-alaben ezkontza adosteko. Senargaiaren aitak dotea ordaindu eta beste klausulak sinatu zituzten. Egina zen. Hurrengo egunean, bikotea Añorga oinetxean egongo ziren. Mari Juan bigarrengo planora pasatu eta etxeaz arduratu zen. Garbiketa, altzariak lekuz aldatu, arropa josi… Lan asko kudeatu behar. Hala ere, sei neskame zituen horietan laguntzeko.
«Festa bukatu ahala, Mari Juan eta Joanes, orain senar-emazte, euren etxe berrira joan ziren, Añorga baserrira»
Ezkontza egunean, eta etxe boteretsu gisa, añorgatarrek dena eman zuten. Janariak, edariak, apaingarriak, neskameak… Dena printze baten ezkontzan bezain beste. Bestetan bezala, festa ezkontza aberastasun eta boterea erakusteko erabiltzen zuten. Inguruetara bidaltzen zen mezua, nabaria: «Hemen gaude eta hemen egongo gara jauntxo papera betetzeko». Beraien artean, jauntxoek, nahiko ondo eramaten ziren. Eta Añorga oinetxeak hori frogatu nahi zuen. Janari onena, jantzi politena eta plater, edalontzi eta mahai tresnak zilarrezkoak: «Hemen gaude gu», berriz. Zelatan, prest, edozein gauzatarako. Beste baserriak erne zeuden, Amasorrain, Ollo, Aizpurua eta aldameneko guztiak.
Hala ere, itxurakeria gehiegi edukitzea ez zen ondo ikusten. Deritzon «Zedula Errealak» gastatzen zen diru kantitatea murriztu egin zuelako. Paperean behintzat, eta legea hor zegoen, badaezpada. Gaua sartu bezain laster, argiak itzaltzen joan ziren eta urrutitik etorritako gonbidatuak lotara gelditu ziren. Janire Castrok Mujeres y matrimonio en las tres provincias vascas en la Baja Edad Media lanean antzeko deskribapena marraztu zuen. Eta festa bukatu ahala, Mari Juan eta Joanes, orain senar-emazte, euren etxe berrira joan ziren, Añorga baserrira. Iñaki eta Joseba Añorga anaiek idatzi berri duten liburuan azaldu da aurreko lerroetan kontatutakoa: La Casa Solar de Añorga. Descubriendo el pasado.