
Amaitu berri da Munduko Turismo Erakundearen goi bilera. Nazio Batuak erakunde garrantzitsua izaki, eta MTE erakunde honen barneko estamentua, agerikoa ere bada bilera Donostian egin izanak duen garrantzia. Meza medioek goi bileraren loriak eta ohoreak goratu dituzte; protestak izan dira, kolpeak eta atxilotuak; eta halarik ere, gertakarion berri ez duen hamaika donostiar izango da. BiziLagunEkin plataformak salatu bezala, goi bilerak agerian utzi baitu –beste behin ere- agintarien gorreria. Aginteak berezkoa du axolagabetasuna, herritarren ezinegonari eta kezkari sorgor egitea. Haatik, gortasuna eta mukertasuna gurean turismoaren pareko dabiltza azkenaldian, marka eta errekor denak gainditzear dituztela, alegia; eta are gorragoa gorraizea turismoari lotzen bazaizkio.
“Donostia Bartzelonarekin konparatzen duena ez da Donostian bizi”. Hala ebatzi du hiriko alkateorde jaunak, goi bilera hastear, egunkari honek argitaratu elkarrizketan. Epaiaren arrazoiketak arrazoimena birrintzen du: Donostiak ez dauka nazioarteko aireporturik, ez eta Vueling konpainiarik, eta gurera ez dira “turistez betetako itsasontzi handiak iristen”. Pasaian transatlantikoekin eta Hondarribian aireportua handitzearekin amesten duen gure Turismo zinegotziak, nonbait, ahaztu egin du “bere” Turismo Planak jasotzen duena.
Konde-hiria Turismo Planak bezainbeste aitatzen duen dokumenturik nekez aurkituko da: “Donostia errentagarritasun turistikoko lider izan da Estatuan, Bartzelonaren ondoren”; “2016an Donostiak izan zuen eguneko batez besteko tarifarik (ADR) handiena, soilik Bartzelonaren atzetik”; “Donostiak batez besteko okupazio handia izan zuen eta RevPAR (gela eskuragarri bakoitzeko sarrera) handiena, soilik Bartzelonaren atzetik berriro”; “Espainiako hiri helmuga turistikoen sailkapen orokorrean Donostia laugarren kokatu da, soilik Bartzelona, Madril eta Valentziaren atzetik”; “gobernantza eta kudeaketa estrategikoan 3. postuan aurkitzen da, Bartzelonaren eta Valentziaren atzetik”; edo, besteak beste, “saturazio turistikoko arazo larriak dituzten hiri helmuga ezagunetan (Amsterdamen, Bartzelonan edo Venezian) gertatzen den fenomenoa errepikatzen da hemen ere”.
Azken aipuak herritarren ondoezari egiten dio erreferentzia, eta hain zuzen ere, ondoezak erkatzen gaitu, ez Bartzelonarekin, Bartzelonako herritarrekin baizik. Bartzelonak, Veneziak edo Donostiak bezala, berdin Lisboak, Napolik, Mallorcak, Iruñeak, Bilbok edo Europa hegoaldeko hiriek oro har, ondoez hau eragin duen gaitz beraren sintomak agertzen dituzte: hiri-ingurunearen nahiz ingurune naturalen hutsaltzea; gentrifikazio prozesuak; kale eta plazen, hots, espazio publikoaren masifikazioa; higiezinen espekulazioa; behin-behineko gaien eta oro har egunerokoaren garestitzea; prekarietatearen hedatzea; kutsadura, artean akustikoa, eta hondakinen sortze altua; garraio publikoko sarearen saturazioa; auzo-komunitateetako ehundura sozialaren deuseztatzea… Berdinak prozesuak han eta hemen, eta berdinak emaitzak, maila eta intentsitatea gora-behera.
“Gorroto ditut Ramblak”, idatzi zuen Itsaso Araque (Damutzen ez direnak, 2013) donostiarrak, Bartzelona eta turismoaz ari zela. Orain, Ramblak Donostiara ekarri dizkigute turismo-agentziek. Donostia Bartzelonarekin konparatzen duena ez da Donostian bizi. Hala denik ezin uka, edo agentzia horietako batean langile da, edo ezinezkoa zaio, izan ere, Donostian bizitzea.