Markel Ormazabal: 'Hiria eraikitzeko eskubidea'
Donostiaren berreraikuntzaren bigarren mendeurrena gogoratzen ari garen honetan, hiria eraikitzen jarraitzen dugu. Eraiki zuten donostiarrek duela berrehun urte eta askoz lehenago. Eta jarraitu dugu gerora ere, aurrerantzean jarraituko dugunaren ustean.
Hiria ez da ente abstraktu hutsa, historian zehar herritarren adierazpen formal eta kulturalak jasotzen dituen eraikuntza kolektiboa baizik. “The city is the people”, esan omen zuen Shakespearek. Hiria jendea da. Beraz, herritarrak behar du izan udal kudeaketan, bere osotasunean, eragiteko eskubidea; eta bereziki, hiriaren forma definituko duten horietan, edo hiriko lurren antolaketan.
Herritarren parte hartzeaz ari gara, noski. Eta baditugu Donostian, beste herri-hiri askotan bezala, parte-hartze hau arautzen duten legediak. Odonismoak garatu zituenak arau aurrerakoiak zirela irakurri izan dut. Praktikan, ordea, enpresa pribatu eta bankuetxeak lehenetsi izan dira hiriaren kudeaketa horretan, eta, herritarren kontzientzia kolektiboan apenas izan dute eraginik. Auzo elkarte edo eragile askori izkin egin zaie deliberatuki, eta hauek dira, hain zuzen ere, norberaren etxebizitzatik harago hiria osatzen dugula gogorarazten diguten piezak. Hiria eraikitzeko eskubidearen gauzapena ahalbidetzen duen kohesio moralaren akuilu.
Eredu politiko eta etikoan Giza Eskubideak lehen lerroan kokatu diren garai batean bizi gara. Baina eskubideok maila indibidualean eta jabego pribatuari loturik formulatzen dira, eta hala, ez dituzte merkatu neoliberalaren logikak eta legalitate nahiz ekintza estatalaren mota neoliberalak auzitan jartzen. Jabego pribatua eta irabazien tasa bestelako eskubide orori gailentzen zaio.
David Harvey irakasleak, “Ciudades Rebeldes” liburuan, Robert Parken aipu eder bat dakarkigu. Soziologia Urbanoan aditu, Parkek zioen hiria, gure desio sakonenen arabera mundua berreraikitzeko gizakiak inoiz egin duen saiakera
koherente eta orokorrena dela. Hiria gizakiaren mundu eraikia bada, bertan bizitzera kondenaturik dagoen mundua ere bada. Eta ondorioz, hiria eraikitzean, gizakiak bere burua ere irudikatu du. Beraz, ezinezko da banatzea zein hiri eredu nahi dugun, nolako pertsonak izan nahi dugun ideiatik. Ez eta irudikatzen ditugun harreman sozialetatik, naturarekin izan nahi ditugun harremanetatik, desio dugun bizi eredutik. Hiria eraikitzeko eskubidea, edo “hirirako eskubidea”, gure desioen arabera hiria aldatu eta berrasmatzeko eskubidea da.
Herritarrak eta partaidetza zuzena. Azken ideia honen bidean pausuak emateko hausnarketara gonbidatu gaitu Bilduren Udalak gaur eta bihar artean, Miramarreko jauregian antolatu diren jardunaldietan. Bertan ikusiko dugu elkar, hiria eraikitzea hain zait kontu garrantzitsua, ezin baitut jardun hori ordezkari politikoen esku soilik utzi; are gutxiago merkatu logiken arabera jarduten duten agenteen esku.