Marketina, Mundiala eta zapoak
Jon Insausti Donostiako alkate izendatu zutenetik, badirudi hiria ez dela soilik gobernatzen: batez ere, komunikatu egiten dela. Argazkiak, elkarrizketak, tonu hurbila, diskurtso “berritzaileak”, keinu modernoak. Batzuetan ematen du, politikaren aurrean baino gehiago, branding ariketa baten aurrean gaudela. Eta, tira, ez dago gaizki politikari batek bere burua modu atseginean aurkeztea. Arazoa dator marketinaren distira memoria lausotzeko erabiltzen denean.
Izan ere, Insaustik bere burua gazte jator gisa aurkeztu nahi du, solaserako prest dagoen norbaiten gisan, Donostia maite duen gizon independente baten modura. Turismoaren eta etxebizitzaren auzietan, gainera, Eneko Goiarekiko ñabardurak markatzen saiatzen da: keinu bat hemen, distantzia txiki bat han, tonu kritiko arin bat… Berrikuntza usaina duen guztia baliagarria da profil berri baten eraikuntzan.
Baina adin pixka bat dugunok badakigu Donostian memoria ez dela hain erraz ezabatzen. Eta badakigu, halaber, Insausti ez dela atzo goizean agertutako aurpegi berri bat, inondik ere. Urte luzez egon da udal gobernuaren bihotzean. Erabaki askoren parte izan da. Eta Goiaren agintaldian ardura garrantzitsuak izan ditu. Horregatik, batzuetan, harrigarria egiten da orain outsider baten itxura hartu nahi izatea, hainbeste urte udala bera den botere gunearen barruan eman dituen norbait izanik.
«Donostia ez da postal eder bat soilik. Botere sare oso zehatzak dituen hiria ere bada. Eta sare horietan pisu handia dauka Euzko Alderdi Jeltzaleak urteetan eraikitako klientelismo egiturak»
Donostia ez da postal eder bat soilik. Botere sare oso zehatzak dituen hiria ere bada. Eta sare horietan pisu handia dauka Euzko Alderdi Jeltzaleak urteetan eraikitako klientelismo egiturak. Hau ez da konspirazio teoria bat; gurean egunero ikusten den funtzionamendua da. Denok dakigu nork deitzen duen, nork erabakitzen duen eta nor ateratzen den azkenean argazkian, irribarre instituzionalarekin.
Horregatik izan da interesgarria Insausti Donostian Munduko Futbol Kopa egitearen inguruko zalantzak publikoki azaltzen ikustea. Ausardia ariketa txiki bat zirudien. Baina benetan sinesten al du norbaitek zalantza horiek azken ondorioetaraino eramaten utziko diotela?
Hitz egin dezagun garbi: Mundial batek negozio aukera erraldoiak zabaltzen ditu. Eraikuntza enpresak, ostatu sektorea, garraio interesak, turismo lobbyak… Diru usaina dagoen lekuan, beti agertzen dira “hiriarentzako aukera historikoak”. Eta indar ekonomiko horiek dira, azken batean, alderdi batzuen norabidea maiz markatzen dutenak.
Horregatik, keinuak keinu, zaila da sinestea benetako talkarik egongo denik. Azkenean, litekeena da herritarrei azaldu behar izatea zergatik komeni zaigun beste mega-ekitaldi erraldoi bat, etxebizitzaren prezioak neurriz kanpo dauden bitartean, turismoaren saturazioa eguneroko arazo bihurtu denean eta hiriak gero eta gehiago parke tematiko baten antza hartzen duenean.
Eta hor egongo da benetako froga. Ez zalantzak planteatzean. Ez titular deigarriak botatzean. Baizik eta ikustean ea, momentua iristen denean, zapoa irentsi eta gero herritarrei irribarrez esaten zaien zapo hura, gainera, goxo-goxoa zegoela.

