Mediku ona ala euskalduna?
Bart gauean, Twitter kuxkuxeatzen ari nintzela, Jon Agramont txiolariak El Correo-n argitaratutako lerroburu bati jarritako erantzuna asko gustatu zitzaidan: «La Guardia Civil no tiene quien le sirva café en Bilbao». Badirudi La Salveko kuartelean aurreko jabeek kantina itxi zutenetik zerbitzari gabe daudela, eta taberna lehiaketa publikora atera ondoren ere ez dutela lortu inork taberna kudeatzea. Txiolariak honen inguruan horrelako zeozer zioen: «Agian gaztelania derrigorrezkoa ez balitz, kanpotar bat lortuko lukete… baina zer nahiago duzue, gaztelaniaz dakien tabernaria edo tabernari ona». Anekdota barregarria litzateke, gaiak duen seriotasunagatik izango ez balitz.
Osakidetzako oposizioen deialdien argitarapena beti etorri ohi da zalapartaz inguratua. Aurtengoa ez da salbuespena izan eta noski, honek ere izan du berea. «Un título medio de euskera puntúa el doble que un doctorado» zioen El Correo-ren lerroburuak, eta hau nahikoa izan zen sareetan izugarrizko iskanbila sortzeko. Tristuraz jaso nituen irakurri nituen iritziak, are gehiago egunerokoan ikusten dudanean gurean ez direla erabiltzaileen hizkuntza eskubideak batere bermatzen. Ez naiz artikulu honetan hasiko euskararen puntuazioak oposizioetan pisu handia edo txikia duen baloratzera, baina artikuluak dakarren informazioaren maneiu eta interpretazio okerra ekidite aldera, gonbidapena egin nahiko nuke oposizioen oinarriak irakurtzera, hauek publikoak dira eta. Baliagarri izango da gutxienez titularra kuestionatzeko.
Osakidetzako langileok, garbi izan behar dugu Vocentoren moduko taldeek eskaintzen duten diskurtso euskarafoboei aurre egiteko modurik indartsuena, zailtasunen gainetik egunerokoan euskaraz lan egitea –eta bizitzea– izan behar duela. Horrek bakarrik ekarriko baitu osasun sistema publiko eta euskaldun baten bermea.
Amaitu dezagun errotik kuestionamendu horiekin eta egin diezaiegun aurre «Zer nahiago duzue mediku euskalduna ala mediku ona?» esaten diguten demagogoei. Dudarik gabe, mediku on eta euskalduna! Asko daudelako, asko garelako; eta gero eta gehiago, gainera!