Merezita?
Aritz Sorzabal, kazetaria
Gogoan dut, duela zenbait urte, Bilboko alkate Iñaki Azkunak etxerik gabeko lagun bati aurre egin ziola kalean, komunikabideen presentziak harrotuta. Agerraldi bat egiten ari zenean, pertsona batek iraindu zuen eta jeltzaleak, bizkartzainen babesean, isiltzeko eta bertatik alde egiteko eskatu zion. Azken aldian iraganeko irudiak etortzen zaizkit burura. Joan den astean, urrutira joan gabe, Ibarretxe erregearen aurrean makurtu zen egunarekin gogoratu nintzen lerro hauetan. Bada, asteazkeneko greba egunean, Azkunari egokitu zitzaion txanda. Hain zuzen ere, sindikatuen manifestazioa Bulebarrera iritsi zenean, etxerik gabeko pertsona batek protestari harrera egin zion keinu zatar batekin, lurrean etzanda zegoela –irudian ikus daiteke–. Bilboko alkatea bertan egongo balitz…, pentsatu nuen. Baina, berehala jabetu nintzen hori ezinezkoa litzatekeela; ez dut uste inoiz halako agintariak ikusiko ditugunik langile xumeen eskubideen alde protesta egiten. Aginte makila galduz gero, besaulkiren bat edo beste zain dute beti eta, lanik gabe geratuz gero, bizitza osorako soldata izan ohi dute hainbatek. Patxi Lopezek, esaterako, ez du kezkatzeko arrazoirik; lehendakari izateari utziko diolako baino, erretiroa hartzen duenean izango dituen baldintzengatik baizik. Hain justu, PSE-EE alderdiko buruarekin gogoratu naiz gaur, baita Bulebarreko etxerik gabekoarekin berriro; azken honekin, keinu zatarra egiteko gogoa sentitu dudalako. Izan ere, egunotan jakin dugu Patxi Lopezek bizitza osorako 50.000 euro inguruko soldata jasoko duela erretiroa hartzen duenean, hiru urtez lehendakari izateagatik. Merezita duela pentsatuko du, gainera…