'Meriturik gabeko hiritar merezimenduaren dominak'
San Sebastian egunean ematen ematen diren sarietan, Donostiako Udalak izan duen seriotasun falta salatu nahiko nuke. Urrezko Danborrari buruz hedabide gehienetan nahikoa hitzegin dela uste dut. Oraingo honetan, udalak banatzen dituen Hiritar Merezimenduaren Dominei buruz hitz egin nahiko nuke, zehazki, Jakintza ikastolako ikasle ohiei eman zaienari buruz. Sari horiek proposatzen dituenak datuak ez alderatzea, tira, baina sariak ematen dituztenek ez egitea, lotsagarria iruditzen zait.
Badirudi, gaur egungo neskak beraiei esker ateratzen direla haur danborradan; eta hori dela beraiei saria emateko arrazoia. Bueno, ba jakin, gu (gure ikastolako neskak) beraiek Kultur eta Turismo ekintzetxera joan zirenerako bi urtetan aterata ginela jada.
Horretarako, gure ikastolako danborrada batzordean lanean zeuden gurasoek ez zuten bidea erraza izan. Hau da, gu atera aurretik, hainbat eta hainbat kexa, bilera, istilu… eduki zituzten. Beraiei esker gu atera ginen, eta ez izkutuan, nonbaiten irakurri dudan moduan.
Nik orduko argazkietan ile luze soltea daramat, eta are gehiago, atera ginen bigarren urtean, 82an, (neska hauek oraindik Kultur eta Turismo ekintzetxean agertu gabe zeuden), gure gelako neska bat atera zen barriletako kabo moduan; gerrirainoko ilehoria zuen.
Beraz izan gaitezen serioak, eta norberak atera dezala ondorioa. Lau neska Kultur eta Turismo ekintzetxera joan zirelako aldatu ziren arauak? Baldin eta arauak urte hartan aldatu baziren. Gainera, gogora dezagun beraien ikastolan bi urte geroago atera zirela lehen neskak. Eta ordura arte egin ziren bilerak, ikastola askotan neskak agertzen hastea…? Udalak istorio bat kontatu nahi izan digu, eta ezer kontrastatu gabe, jendeak istorio samur eta polit gisa hartuko zuelakoan, saria neska horiei eman. Benetan, lotsagarria!
Ane Gomez. Gros.