Merkealdiak
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Larunbatean ez zen ezer gertatu Bilbon. Ez zen pankartarik okertu, jende artean sartu ezinik. Ez zen presoak Euskal Herrira ekartzeko oihurik egin. Ez zen pegatina-azalik geratu Autonomia kalean, kolatik independente. Ez zen inor faroletan gora igotzen saiatu, narrasti erraldoi haren isatsa non bukatzen zen jakiteko. Ez zen manifestazio paralelorik sortu, kale zabaletan sartu ezinik. Ez zen malkorik atera inoren begietatik, barrote artetik ihes egiten duten begiraden moduan. Ez. Larunbatean ez zen ezer gertatu Bilbon. Ez behintzat komunikabide batzuentzat. Manifestazioa bukatu eta autora sartu ginenean irratiak ohartarazi zigun kontuz ibiltzeko Bilboko merkataritza-gune inguruetan, auto asko zebiltzala merkealdiak zirela-eta. Noski. Merkealdiak. Merkealdiak zirela eta elkarrizketatu zituen ETBk ETAren bi biktima eguerdi hartan bertan. Jakina. Eta isilaraztearekin nahikoa ez, eta merkealdiengatik ezkutatuko zituen Autonomia kaletik udaletxeko plazaraino joan ziren 100.000 esperantza, ilusio eta amorru sentimendu haiek Aresen adierazpenen itzaletan ondorengo albistegian. Bilbon izan ez zirenekin pentsatu nuen, han gertatutakoaren berri telebistaz soilik jaso zutenekin. Komunikabideek mundua erakusten dutela pentsatu izan dugu beti. Eta ahaztu egiten zaigu sarritan mundua sortu ere egiten dutela. Eta 100 000 lagunek osatutako emozio-katea disimuluan erakutsi digute normaltasunaren mapan, besteren minetan beratuta eta gainerako notiziekin parekatuta. Askoren ohitura izaten da manifestazio batean egon ondoren telebista piztu eta berak bizi izan duena nola islatzen duen ikustea. Ea gai ote den han sentitutakoa pantailan berriz bizitzeko. Ea kazetariek nolako leialtasuna erakutsi duten gertakariarekiko. Manifestazioaren bigarren zatia hortxe hasten baita: bere inguruan zabaldu den irudian. Iritzi publikoa, iritzi publikatua eta publikoaren iritzia ez direla kupel bereko sagardo ikasi genuen karreran. Akaso telebista publikoak ez lukeela telebista ofizial izan behar ere gaineratu beharko genuke. Egia absoluturik ez da existitzen, gertakari baten gaineko ikuspegi ezberdinek osatzen dituzte gure egia txikiak. Baina ikuspegiak ezinikusi bihurtzen direnean, egia merkealdietan saltzen da.