Migrazioak eta adopzioak
Iritsi da. Bueno, aspaldi iritsi zen baina azken asteetan protagonismo berezia hartu du agenda publiko eta politikoan. Migrazioaren gaiaz ari naiz, noski. Edo hobeto esanda, migranteen gaiaz.
Bi ideia: ongi pentsatu beharko dugula nolako immigrazioa behar dugun Euskal Herrian eta Gipuzkoan bete gabe dauden hainbat mila lanpostutarako immigranteak behar ditugula. Bi horiek entzun orduko, horrelako alarma txiki bat piztu zitzaidan eta duela urte dezente entzundako beste ideia batekin gogoratu nintzen.
Duela 20 bat urte edo, adopzioari buruzko bilera batean izan ginen emaztea eta biok. Ez dut gogoratzen ondo zein zen testuingurua, non izan zen bilera eta, are gutxiago, nork hitz egin zigun bertan elkartu ginenoi. Baina, ondo gogoan daukat bota zigun lehen esaldia: «Adopzioa haurren beharrak asetzeko eta haurren eskubideak bermatzeko tresna bat da eta, beraz, ez da inolaz ere eskatzaileen eskubide bat eta ezin da, inoiz, euren beharrei erantzuteko erabili».
«Migrazioaren gaia deitzen dugun hori migranteen beharrak asetzeko asmoarekin begiratzen badugu, soluzio bat topatzeko gertuago egongo gara»
Begira, ez dut errazkeriatan erori nahi eta badakit migranteen gaia konplexua dela eta ertz ugari dituela. Baina, uste dut, adopzioaren kasuan bezala, migranteei euren migratzeko eskubidea onartu eta migrazioaren gaia deitzen dugun hori migranteen beharrak asetzeko asmoarekin begiratzen badugu, soluzio bat topatzeko gertuago egongo garela.
Eta, gainera, gurera etortzen diren horiek gure beharrei erantzuten laguntze badigute… Ba, orain esaten den bezala, match!
P.D.: migrante hitza erabili dut etorkin beharrean, iruditzen zaidalako, migranteak ez direla migrante, etorri direlako, joan egin behar izan zutelako baizik.