Minimoaren minimoa
Maite dut auzo berrian bueltaka ibiltzea. Atsegin dut langile auzo baten sinergiarekin bat egitea eta bizilagunei euren izenez agurtzea. Ohitzen hasia naiz aldapak eskalatzera, arnasestuka batzuetan, baina dendak kuxkuxeatzen beti. Hala, nire plan berriena eta kuriosoena deskubritu dut: hilerritik paseatzea. Atzo bertan, lanetik atera eta nire lur azpiko bizilagunei bisita egin nien.
Paseo hauek lagungarriak egiten zaizkit kapitalismoaren erritmo frenetikoa baretzeko eta antsietatea lausotzeko. Nire bizipenean, igeri egitearen antsiolitiko efektuarekin antzekotasuna dute hildakoen arteko bisitek. Bizitza honetan koherentzia mantentzen laguntzen dit hilerriaren gertutasunak, heriotzaren presentziak. Kultu-lekua da hilerria. Senideak lasai egoten dira haien hildakoetan pentsatzen, burura eta orainera ekartzen, denboran bidaiatzen, mundu honetan duten haien lur zatia zaintzen eta apaintzen.
Baina dena ez da horren «erromantikoa». Lur azpian ere badaude indarkeria matxistak erail dituen emakumeak eta disidenteak. Indarkeria matxistak baino, gizonek: lagun, bikote, bikote ohi, aita, seme eta beste batzuek.
«Ez dut indarkeria matxistaren ondorioz hildako gehiagorik topatu nahi lorez eta oroitzapenez beteriko hilerrian»
Azaroak 25a ate joka dugu, eta egunari lotuta izan ditudan urteroko emozioak polarizatu egiten zaizkidala sentitzen dut. Alde batetik, manifestaziora joango naiz eta, emozioz, begiak malkoz beteko zaizkit –mugimendu feministaren potentziak niregan sortzen dituen negar malkoak dira hauek– . Baina beste aldetik, frustrazioak eta gogorik ezak akonpainatzen naute, tamalez. Urtero berdina dela sentitzen dut, borroka berdinean gaudela, tresna berdintsuekin gabiltzala eta egoerak okerrera egiten jarraitzen duela. Teleberri-a piztu. Ikusiko duzu zein azkar eskapatzen zaizun gosea eskaileratik behera. Ihes. Denek nahiko luketen modura.
Hortxe Irantzu Varela kazetariak, Lo que quede liburuaren idazleak, militante transfeministak eta nire idolak, azaldu zuena Sabor a queer podcastean: «Bortitzak garela esaten digute oihukatzeagatik eta kalera ateratzeagatik, haiek gu bortxatu eta erail egiten gaituztenean». Horixe ba, erasotzaileek guregan eragiten duten bortizkeria guztiari indarkeria berdinarekin erantzungo bagenio, zer deituko gintuzten, orain zakarrak eta histerikoak garela esaten badigute?
Eta horrela, frustrazio horrekin iristen naiz ni azaroaren 25era. Manifestaziora joatea egin dezakedan minimoaren minimoa denez, hantxe izango naiz, aurten baita ere. Bertan egon behar garelako. Baina asko dugu egiteko. Eskerrak mugimendu feminista indartsu dagoen. Eskerrak borrokan jarraitzen dugun. Eskerrak mundu honetako Irantzu Varela guztiak existitzen diren.
Beraz, ez dut indarkeria matxistaren ondorioz hildako gehiagorik topatu nahi lorez eta oroitzapenez beteriko hilerrian.
Ale, manifestaziora arte.