Mintzalagunen familia handia
Mintzalaguna ekimenaren 25. urteurrena dela eta, horri buruzko nire bizipenak laburtzeko eskatu didate. Atera zaidana, ordea, ez da historia laburra, ezta nire bizipen hutsa ere; bietatik du pixka bat, alegia.
Artean Donostiara iritsi berri, Bageran bazkide egin eta urteko Batzar Orokorrean izan nintzen 1993an, eta bertan entzun nuen lehenengoz Mintzalagunaren berri (25 urte jada!). Gerora jakin dudanez, hasiera hartan asko eta askori ideia zoroa iruditu zitzaien, euskaraz hitz egitea beste helbururik gabe, ezezagunak elkartze hori. Ez omen zioten etorkizunik ikusten. Niri, berriz, ideia bikaina iruditu zitzaidan, eta zalantzarik gabe, Bageran horixe zen niretzako moduko lana. Berehala eman nuen izena.
Gogoan dut Jabi, egiatarra, nire lehenengo bidelaria.
Urtez urte, taldetxoak handituz joan ziren, bikoteak hirukote, laukote eta boskote bihurtu ziren, mintzalagunen familia bera ere handitzen ari zen seinale. Taldetxoen arteko harremanak indartzeko eta bidelariei euskaraz egoera gehiago bizi ahal izateko aukera emateko, asteroko hitzorduez gain, mendi irteerak, txango kulturalak eta afariak antolatzen hasi zen Bagera.
Gogoan ditut Belen, Arantza, Marta, Ana, Maria, Ainhoa, Jon…
Donostian mintzalagunen familia handitzearekin batera, hemengo ideia zoro hori probatzea pentsatu dute beste elkarte eta talde batzuek ere. Era horretan, Euskal Herri osora hedatu da jada familia hori, lehengusu, osaba-izeba eta ahaide berriz hornituz. Familia handitze horrek urteroko familia bilerak ere ugaritzea ekarri du, eta Mintza Egunean Euskal Herri osoko bidegileak eta bidelariak, berbalagunak eta mintzalagunak elkartzen dira, han eta hemen ezezagunek elkarrekin euskaraz hitz egin dezaten.
Gogoan ditut, nola ez, Sonia, Gorka eta Teresa, hiru ikasturte egin genituen astero-astero elkartzen, bataren penak eta bestearen pozak edo etxeko gorabeherak adituz eta kontatuz.
Euskaraz ikasten ari direnek edo eguneroko bizitzan euskaraz normal antzean moldatzeko urratsa egin ez dutenek beharrezko duten babesa da oraindik ere mintzalagunen familia. Patxadaz eta pazientziaz entzungo dituen solaskideak behar ditu hitz egiteko zailtasunak eta aukera falta dituenak, eta horixe eskaintzen dio familia honek. Tarte laburra bada ere, patxadazkoa eta, aldi berean, eguneroko bizitzaren edo kaleko giroaren antzekoa eskaintzen dio mintzalagunak bidelariari eta, bide batez, euskarari. Euskaltegiko orduen osagarri bat nahi duenak tresna ezin hobea du; euskaltegia atzean utzi ondoren eguneroko bizitzan euskaraz bizitzeko aukera handiegirik ez duenari ere babes bikaina ematen dio.
Gogoan ditut Joxean, Inma, Elena, Iñaki…
Hori guztia da, eta askoz gehiago, Mintzalaguna. Donostian hasitako hark, uretara botatzen den harriak, nola uhinka-uhinka hedatu du bulkada hori Euskal Herri guztira, eta, Skype bidez, baita urrutiago ere.
Gogoan ditut Monika, Eduardo, Nuria, Isabel, Marijo, Sophie, Guido… Gogoan mendi irteeratako lagunak, txangoetakoak, afarietakoak… Euskaraz hitz egiteko elkartutako ezezagun talde horiek familia handia osatu dute.
Ane Loidi Garitano, Bidelaguna