Muino baten okupak
Duela denbora asko, gutxi barru mila urte, Agustin konpainiako emakume talde bat Donostiatik gertu zegoen muino batean kokatu zen. Muino hark ez omen zuen izenik. Lau egurrekin eliza txiki bat eraiki zuten bertan, eta San Bartolome izena jarri. Denbora joan ahala, lur-eremu hura okupazioaren ondorio itzela izan zen. Talde hura, erlijio katolikoko mojak, Donostiako nortasunaren zutabeetako bat bihurtu zen. Portu bat sortu zuten Urumearen ertzean, eta, bide batez, zergak kobratu; baratze handi bat landatu, bertako elikagaiak kontsumitzeko, baita Plaza Zaharrean trukatzeko ere, eta txakolindegi eta sagardotegi bat sortu zuten, alturako arrantza-ontziak hornitzeko.
Zazpi mende pasatu ostean eta Napoleonen garaiko gerrak piztu zirenean, Agustin konpainiako emakume erlijiosoek ihes egin zuten, Astigarragarantz eta Hernanirantz, eta, haiekin batera, aspaldiko zerraldoak eta euren konpainiaren fundatzaileen erlikiak. Egoera baretu zenerako egin zuen eztanda Lehenengo Karlistaldiak, eta, gero, apenas lau hamarkadaren bueltan, Bigarrena. Astigarragan gelditu ziren emakumeak eta emakume haien ondorengoak. Orduan, muinoaren bigarren okupazioa gertatu zen. Beste talde erlijioso batek, Maria Konpainia izenekoak, bere gain hartu zuen komentua. Mende eta erdi iraun zuen bigarren okupazioak.
Mendeetan neurtzen genuen denbora betidanik, baita belaunaldietan ere. Aurreko mendean, munduko gerren, hainbat holokaustoren eta krisi luze baten ondorioz, hamarkadetan hasi ginen kontatzen denbora. XXI. mendean, ordea, urtez urte gainditzen ditugu bizitzaren aroak. Erdi Aroko okupazioak biderkatu egin dira. Egun, biderketa erraldoiak dira.
San Bartolomeko muinoaren azken jabeak, Guillermo eta Manuel Vallet, ez omen dira sekta edo talde erlijioso baten buruak, higiezinen sektoreko nagusiak baizik. Beste konpainia mota bateko buruak. Catalonia hoteleko sarearen kudeatzaileak, Espainian, Katalunian, Luxenburgon, Alemanian, Kariben, Mexikon… eta Donostian. Azken okupazio horretan, hiriaren laguntza izan dute, udalbatzarraren bidez, eta, negozio hauetan ohikoa izaten ari den bezala, diruaren truke.