Mundu osoa da tranfeminista
Martxoak 8a dugu biharko eguna —lehenengo hitz lerro hau idatzi dudan momentu honetan bertan, urteroko urduritasuna eta gorespena orainera ekarri ditut, dramatismo berdinarekin—.
Martxoak 8a dugu han eta hemen. Antiguako tuneletik 12:30ean abiatuko den manifestazioaren antzera, feminismoaren eta askatasunaren aldeko aldarrikapenak entzungo ditu munduak bere txoko guztietan.
Hala, gure auzoetan eta hiriaren txikitasunean ikusiko dugun irudia hamaika tokitan egongo da, eta feminismoaren oihuak eta askatasunaren aldeko defentsa plaza nagusienetan presente egongo dira. Planetak pasa den ostiralean lerrokatu ziren bezala izango gara biharkoan, kariños.
Baina planetak 2492. urtean lerrokatuko dira berriz eta feminismoa, kontran, geratzeko iritsi zen: mugimendu feministak belaunaldi mordoak eta hainbat mende ditu bere ibilbidean barrena, eta jakin du garai berrietara egokitzen. Emakumeentzako botoa, kargu publikoetara iritsi ahal izateko eskubidea, lanerako eskubidea eta berdintasuna hezkuntzan, besteak beste, izan ziren XX. mendearen hasieran sufragistek komertzioetako erakusleihoak apurtuz aldarrikatu zituzten eskubideak.
Mugimenduak aurrera egin ahala, hirugarren olatua iritsi eta honekin batera transfeminismoak ekarri ditu identitateari lotutako beste hainbat aldarrikapen, feminismoaren subjektuak zabalduz eta proposamen politiko intersekzionalak babestuz.
«Nire gorputza nire etxea den honetatik abiatzen naiz mundura, eta txikitasunetik handirako ibilbide transfeminista honetan borrokan dihardut»
Hala, mundu mailan oihukatuko diren kantuak eta ereserkiak askotarikoak eta ezberdinak dira, testuinguru politikosozialerlijiosoekonomiko eta abarreko guztien araberakoak.
Edonola, mugimendu politiko geldiezin honek aldarrikapenak egokitu dituen bezala, gu geu ere, gure indibidualean, moldatu gara aldaketetara. Nire bizipenek, behintzat, hala diote: nire etxeko gizon zisekin peleatu nintzen txikitan, beharrezkoa zen aldiro, etxeko telebistaren agintea lortzeko; cunnilingus-a gure eztabaidaren parte izan zen Antigua-Luberriko pasilloetan; nire lagun kutun Ainhoarekin prostituzioaz sakon eta luze eztabaidatu dut 16 urtetatik; feminismoaren eskutik lesbianismoari ateak ireki nizkion; abortuak legala izan behar zuen ez dugu sikiera eztabaidatu eta lagunak lagundu ditut abortatzera; drag queen-ak eta king-ak maite ditut eta lagun transak bizipozez ikusi ditut pankartak eusten; intersexualitateari buruz, feminismo antirrazistari buruz eta zahartzaroan emakumeen eta pertsona disidenteen sexualitateari buruz irakurri dut eta Miren Guilloren eta Valerie Solanasen liburuak mesanotxean ditut.
Nire gorputza nire etxea den honetatik abiatzen naiz mundura, eta txikitasunetik handirako ibilbide transfeminista honetan borrokan dihardut.
Mundu osoa delako tokikoa.
Mundu osoa delako transfeminista.