Nakolinismoa eta nakolinistak
Horra hor bi hitz berri nakolinismoa eta nakolinistak. Normala, beraz, ezezagunak egitea. Ez dira agertzen ez orotariko euskal hiztegian, ez inguruko, ez urrutiko hizkuntzetako hiztegietan. Halere, bizpahiru aldiz irakurri eta esanez gero, ez zaizkigu oso arraro egiten, gure belarrietan ez digute min ematen. Antzeko hitz asko ezagutzen eta erabiltzen ditugu maiz: nazionalismoa eta nazionalistak, kolonialismoa eta kolonialistak, inperialismoa eta inperialistak, kapitalismoa eta kapitalistak, feminismoa eta feministak, matxismoa eta matxistak…
Zertara datoz, ordea, bi hitz berri hauek: nakolinismoa eta nakolinistak? Maiz, euskaldunoi leporatzen digute espainolek eta frantsesek, gu nazionalistak garela, edo abertzaleak, gauza txarra, jakina. Nazionalismoak kalte handia egin baitu munduan. Eta munduko herri eta nazio txiki, zapaldu eta menderatutakoak gara kalte horren hobendun: euskaldunok, katalanak, korsikarrak, eskoziarrak… Haiek (espainiarrak, frantziarrak…) ez omen dira nazionalistak, haiek munduko hiritarrak dira. Eta gu?, estralurtarrak gara gu? Haien aburuz gure kultura eta hizkuntza ziztrinek ez digute munduko hiritar izateko adinako kategoriarik ematen. Eurenera gerturatuz, haiena geure eginez, orduan bai, orduan bilakatuko gara munduko hiritar eskubide guztien jabe. Bitartean badakigu zer egin behar dugun, zarata handirik egin gabe, desagertu.
Horren aurrean, gure nazionalismoa edo abertzaletasuna justifikatu beharrean aurkitzen gara. Askok idatzi dute horren inguruan, zer den guretzat abertzale edo nazionalista izatea. Eta esango diegu gure nazionalismoa ez dela haiena bezalakoa, gu internazionalistak garela eta beste nazio eta herriak errespetatzen ditugula. Ez haiek bezala; haien nazionalismoa supremazista dela, espantsionista dela, eta kolonialista, eta inperialista, eta beste nazio eta herrien kulturak eta hizkuntzak zapaltzen, gutxitzen, suntsitzen dituztela. Eta hori guztia bortxaz egin izan dutela eta egiten dutela euren armaden eta legeen bidez. Nola ez direla nazionalistak? Adur dariola egoten dira-eta euren selekzioei begira; viva la roja!, allez les bleus! Hori bai, euren selekzioen garaipenak baino, gehiago pozten eta asebetetzen ditu guri, katalanoi, euskaldunoi edo korsikarroi gure selekzioekin parte hartzen ez uzteak, guri debekatzeak. Hori bai garaipena eta arrakasta haientzat!
Horixe da kontua, guk ez dugula hitz bat edo kontzeptu bat haien nazionalismoa definitzeko, eta erantzun luze bat behar dugula geure burua zuritzeko eta hain nazionalismo zapaltzailea salatzeko. Haien estatuen, kulturen eta hizkuntzen boteretik definitzen gaituztela, nazionalistak esanez, era mespretxagarrian eta gutxiesgarrian.
Nakolinismoa indarrean dago XXI. mendean. Zer dira, bestela, euskararen (euskaldunon) edo katalanen aurkako azken oldarraldi judizialak?
Eta gure baitatik, gure hizkuntzatik, gure egoeratik definituko bagenitu? Guk sortuko bagenitu geuretik euren ideologia, euren pentsaera eta jokaera definituko lituzketen hitzak? Azalpen luze eta nahasgarririk erabili behar izan gabe. Hitz bakar bat, diskurtso luze gabe. Agian, ez zaie gustatuko, baina eurena izango da euren burua azaltzeko lana, ez gurea. Buelta asko eman dizkiot buruari eta aukera desberdinak erabili ditut. Baina baldintza batzuk bete behar zituzten, edozein hitz motak ez zuen balio. Inguruko hizkuntzetan ere erabiltzeko modukoak behar zuten izan, haientzat ere ulergarriak eta erabilgarriak.
Nazionalismoa NA, kolonialismoa KOL eta inperialismoa IN. Hiru hitzen elkarketatik eratorri da na-kol-in-ismoa. Horixe da nakolinismoa: nazionalismo kolonialista inperialista. Nakolinismoa oso hedatua dago hainbat nazio boteretsuetako herritarren artean. Europari dagokionez frantziarrak, espainiarrak, ingelesak, errusiarrak,… hezur-muinetaraino sartua dute nakolinismoa. Berdin dio monarkikoak diren edo errepublikarrak, eskuinekoak edo ezkerrekoak. Urte luzeetan, mendeetan, horrelaxe jokatu dute kolonizatutako lurralde eta nazioetan, eta jokabide hori naturalizatu dute. Horrelako ideologia edo pentsamendua garatu dute, eta ondorioz, nakolinistak dira euren jarrerak, instituzioak, arauak, legeak, konstituzioak, epaitegiak, alderdiak…
Matxismoaren antza badu zentzuren batean; egiturazkoa da, eta gizarte osoa zipriztintzen du: monarkikoak zein errepublikanoak, eskuinekoak zein ezkerrekoak, erlijio batekoak zein bestekoak, baita agnostiko eta ateoak ere. Matxismoari aurre egin nahi bazaio, deseraikitze lan handia egin beharko dugu, gizonezkook bereziki, gizartetik jaso dugun matxismoa eta jarrera matxistak bazterrera uzteko. Feminismoarengatik eta ahaldundutako emakumeengatik ez balitz, matxismo atzerakoienaren atzaparretan egongo ginateke oraindik. Eta, hala ere, zenbat daukagun egiteko! Bada, nakolinismoarekin berdin egin beharko da.
Nakolinismoa indarrean dago XXI. mendean. Zer dira, bestela, euskararen (euskaldunon) edo katalanen aurkako azken oldarraldi judizialak? Erantzuna badakigu: lege, epaitegi, epaile, politikari eta komunikabide nakolinisten erasoak. Berdintsu izan zen XX., XIX. edo aurreko mendeetan.
Laster, hauteskundeak izango dira Euskal Herriko zati batean, EAEn; ingelesez, batzuek gogoko duten moduan, West Baske Country-n. Alderdi eta hautagai batzuk nazionalistak, abertzaleak, independentistak… dira; kutsu negatibo eta gaitzesgarrian gehienetan.
Eta PP, PSE, Vox, Sumar, Podemos… zer dira? Abertzaleak ez dira. Baina, nazionalistak? Independentistak? Espainiako hiri eta herrietan
“Plaza/Avenida/Calle de la Independencia” ugari daude nonahi. Gehiago zein gutxiago alderdi nakolinistak dira guztiak.
Imajinatu kazetariak alderdi horietako hautagaiei edo tertulia kideei galdetzen: “Hurrengo hauteskundeetan ze emaitzak uste duzue izango duzuela edo dutela alderdi nakolinistek?”.