Nekatuegi gauza onerako
“Zer moduz?” galderari nekatuta gaudela erantzutea ohikoa izaten da ikasturte amaiera heltzen zaigun heinean. Ohikoegia, agian. Urte osoko atseden falta, autoexijentzia maila altua, botere harreman toxikoak, uda aurretik egin beharrekoen zerrenda amaigabea… pilatu ohi zaizkigu ekaina iristerako.
Hala ere, ohikotasun hau ezohikoa da aurtengoan, azken urtean bizitakoek inoiz baino nekatuago utzi gaituztelakoan bainago. Hala sumatzen ditut nik behintzat nire burua eta ingurukoak.
Pandemiak eta honen bueltan ezarri dizkiguten neurri murriztaileek gure bizi ohiturak bat-batean aldatzera behartu gaituzte, besteak beste, kalitatezko aisialdiaz gozatzeko aukera ere ezabatuz. Gainera, aisialdia bera etengabe antolatzera derrigortu gaituzte, gure denbora librea non, norekin eta zertan pasako dugun aurrez erabakitzera behartuz, inprobisaziorako inongo tarterik utzi gabe. Ukatu dizkigute parrandak, perreoak, barra ertzeko hizketaldiak, lagun berriak, ausaz topatzen dituzun horiekin denbora igarotzeko abaguneak, kontzertu batean arima hustu arte salto eta dantza egiteko aukerak… Finean, gure harreman sozial gehienak mugatu dituzte, eta aisialdia modu apalean bizitzera kondenatuta egon gara, etengabeko kontentzioan.
Bakoitzak gure erara, ezinbestekoa dugu aisialdiak ematen digun gozamena gure errutinari aurre egin ahal izateko, baina egoera honek denak aukera gutxi utzi dizkigu gure eguneroko egin beharrez eta kargez askatzeko. Eta ondorioz, orain arte kudeatzeko gai ginen egoerek ere gainez egin digute askori, gure osasun mentalaren kaltetan.
Hortaz, uda iritsi zaigun honetan, oporren apologia egitera nator inoiz baino gehiago. Jakin badakidan arren, tamalez, opor antolatu eta ordainduak izatea ere pribilegio bilakatu zaigula eta, horrenbestez, denok ez dugula oporretarako aukera berdina izango.
Ahal duzuen neurrian, beraz, har ezazue atseden; egin gozarazten zaituzten hori; urrundu harreman kaltegarrietatik; eta jaitsi autoexijentzia maila, «mediokre» izatea ere gauza handia baita batzuetan. Azken batean, zaindu itzazue zuen buruak, nahikoa prekarizatzen gaitu sistemak eta!