Neska* ikasleok garbitzaileekin!
COVID-19ak zaintza lanen krisia azaleratu eta areagotu du, pandemia aurretik prekarioa zen lana, ezkutukoa eta aitorpenik gabekoa dela azaleratuz. Zaintza eta garbiketa lanak funtsezkoak direla agerian geratu da; eta baita feministok aldarrikatzen genuen eta dugun zaintza sistema publikoa ere. Garbiketaren esparrua horietako bat da, hau ere beharrezkoa dena zaintza kolektiborako.
Garbitzaileak funtsezkoak dira eta EHUk eta Hezkuntza sailak gutxietsi egiten ditu. Sei urte dira garbitzaileak EHU eta garbikuntzako enpresarekin hitzarmen duina negoziatzen dabiltzala. Hutsik dauden lanpostuak betetzea aldarrikatzen dute, bajak betetzea, ordezkoak kontratatzerakoan lanaldi osoa izatea… izan ere, bost langile egon beharko liratekeen lekuetan hiru langile daude.
Garbiketa azpi kontratatua dagoen zerbitzua da eta honen kudeaketa publikoa ez izaterakoan enpresa pribatuek langileen prekarizazioan sakontzen jarraitzen dute; garbitzaileek eusko jaurlaritzako garbitzaileen baldintzen eta soldaten ekiparazioa eskatzen dute.
Garbitzaileen lana ezinbestekoa baino gehiago da; izan ere, Covid-19ren garai hauetan haien lana ehuneko ehunean dago. Bere lana funtsezkoa da, horregatik aldarrikatu nahi dugu duina eta kalitatezkoa ere izan behar dela.
Iazko ikasturtean sei asteko greba deitua zuten baina bertan behera utzi behar izan zuten, covid-aren eraginez hezkuntza sailak zerbitzu minimoak bete behar zituztela esan eta denak lanera bidali baitzituen. Datorren asteetan bi greba egun deitu dituzte, azaroak 19 eta 25ean; ez dakite oraingoan ere manifestatzeko eskubidea urratua izango den edo ez.
Esplotazio eta zapalkuntzan oinarritzen den sistema heteropatriarkal kapitalistak emakumeon lanak edota lan feminizatuak are gehiago prekarizatzen ditu. Aipatzekoa da EHU bera dela sistemaren zapalkuntza guzti hauek erreproduzitzen dituena, eta beraz, garbitzaileen lan baldintza bidegabeen erantzule garbi bat.
Unibertsitateetako neska* ikasleok lan eta ikas baldintza duinak bermatzen dituen hezkuntza feminista baten alde borrokatuko dugu. Ezinbestekoak izanik minimoetan daudela salatuko dugu. Haiekin batera bizitzak erdigunean jartzeko eta hitzarmen duin bat lortzeko neska* ikasleak mobilizatu egingo gara gure indarrak batuz.
Neska* ikasleok gabitzaileekin!