Ni ez naiz izan, jauna
Idazten duen hauxe gazte zenean – milenialak jaio aurretik– tabernetan erretzea zegoen, eta parrandan besteen tabakoa ahoratzen zenuen, nahi ala ez. Nire lagun Iñakik parrandetan besterik ez zuen erretzen. Esan nahi baita, erosteko ohitura handirik ez zuenez, parrandakideek tabakoa atera orduko zigorrokina eskatzen zien. Neu erretzaile pasiboa nintzen; bera, ordea, erretzaile aktiboa baina erosle pasiboa.
Iñakirekin oroitu ohi naiz autokritika hitza entzundakoan. Izan ere, autokritika ere besteei eskatzen zaien kontua da, ez norberak bere buruarentzat erosia. Esaterako: gobernuan ditugun bi alderdiek autokritika hitza ahotan izaten dute alderdi jakin bati eskatzeko. Garai haietako zein atzo goizeko okerrengatik, ordea, apenas entzungo zenion inori autokritikarik apurrena ere.
Izurrite honen harira ere, ohikoa izan da hiritarroi kargu hartzea. Eta zer nahi duzue esatea, uste dut arrazoi apur bat izango zutela horretan; jakina, horretarako gobernuak ere bere okerrak onartzetik hasi izan balira. Norberak egindako akatsak aitortzetik datorren zilegitasuna lagungarri izaten da beste inori zerbait leporatzeko.
Ideia horrek, noski, badu bere ifrentzua. Herritarrok ere oso erraz kritikatzen dugu edozein gobernu, erakunde edo dena delakoa. Kargu har diezaguten, baina, ez zaigu hain atsegina. Beste zentzuko kargua galdu berri duen Murgari eta per secula seculorum izango dugun Tapiari asko kritikatu zaie herritarok gaizki egin dugula esan izana. Antza, bekatu larria da herritarrok dena txukun-txukun egiten ez dugula iradokitzea… gu barne ez gauden kolektiboa izan ezean.
Esan moduan, autokritikan ere erabiltzaile pasiboak gara. Besteei erraz eskatzen diegun bitartean, geure bururako beti dugu aitzakiaren bat. Iñakik tabakoa ez erosteko zuenaren antzekoa