Ni naiz naizena
Urteak eman ditut nire buru zein gorputzaren kontra borrokan. Nahikoa ez nintzelakoan, gehiegi izatearen beldur. Beti besteen iritziaren menpe. Batzuentzat euskaldunegia; besteentzat, ordea, kultura espainolaren jarraitzaile sutsua. Zaharra jadanik gauza batzuk ulertzeko; gazteegia iritzia plazaratzeko. Itsusiegia soineko motzak janzteko; politegia makillatzeko. Motzegia interesgarri bihurtzeko; azkarregia jatorra izateko. Nortasuna besteen begiradaren bitartez definitu nuen. Ingurukoen nahiz ezezagunen begietan nintzena zen nintzen oro. Nire identitatea bermatzeko besteen baieztapena behar nuen. Ispilu aurrean jarri eta ez nuen islatzen zuena ezagutzen. Ez nintzen ni.
Gizartearen eta ingurukoen presioaren aurka jo behar izan dut aske izateko. Kostata, baina lortu dut, buruarekin zein gorputzarekin adiskidetu naiz azkenean. Naizena naiz. Sekulako liberazioa da; lehena, nik neuk barneratzea; eta, bigarrena, lau haizetara oihukatu ahal izatea. Ikasitako hori feminismoari eta emakume andanari zor diedala uste dut. Gizarteak eta bizitzak jarritako oztopoak gainditzen lagundu didate, bakarrik ez nagoela konturatu naizelako. Azken urteotan jabetu naiz askok bizi izan ditugula identitate-arazoak eta barne gatazkak. Eskubide kolektiboen aldeko borrokak pertsona hobea (edo kontzienteagoa, bederen) egin nauelakoan nago. Zoriontsuago egin nau sororitateak.
Ikasi dut ez dagoela emakume izateko modu bakarra. Euskaldunak, frantsesak, kolonbiarrak, argalak, lodiak, depilatuak, depilatu gabeak, zuriak, beltzak. Feminismoez hitz egiten den moduan, emakumeez hitz egin behar dugu ere, pluralean. Ez dakit zeintzuk diren emakume izatearen ezaugarriak, baina zera argi daukat: emakumeok emakume gara hala garelako, eta kito. Ez da nahi kontua, izate kontua baizik. Horrela definitu dugu gure identitatea besteen aurrean, ezin dira besteak izan etiketa batzuen bidez definitzen gaituztenak. Norberak besterik ez daki zer, nor, den.
Nork bere buruarekin duen borroka nahikoa ez balitz bezala, besteen epaiketei ere aurre egin behar diete batzuek. Feminismoarekin eman ditugun aurrerapauso guztien ondoren, zerk eman digu eskubidea emakume batzuei beste batzuen emakumetasuna zalantzan jarri eta ukatzeko? Noiz bihurtu gara zapalduok zapaltzaile? Utz diezaiogun gure begietan direna egia absolututzat jotzeari eta barnera dezagun direna direla, inoren baimenik gabe.