Nikolas Yurramendi: 'Bizirik'
Bilboko udaletxe aurrealdea, larunbata. Lekittarra duela minutu bat eskas atera da.
5. Beroketa ona egin dugu, bihotzak eta izerdiak martxan daude dagoeneko.
4. Zortzi hilabete honetarako entrenatzen. Zortzi hilabete honetarako entrenatzen.
3. Arnasa.
2. Prest!
1. PREST!
0. EKIN!
Hortzak estu eta oinetako behatzetarainoko esfortzuan lehen segundoak egin ditugu, eta kinka larrian ditut hankak. Birikak ahoan. Bihotza 190 taupadatan. Konturatu orduko eta arraunkera hartzerako, ziaboga gainean dugu. Badut nahikoa indar oraindik eta horra nire zartakoa, beste bat, eta beste bat… Patroiak hamar paladako gain-esfortzua eskatu digu bigarren luzearen erdi aldera, saiatzeagatik ez dadila izan. Egin dugun esfortzu diferentzia txikia bada ere, traineruak asko eskertu du.
Bigarren ziabogarainoko tartean hor dihardugu, gure arraunkeran, hartu hor, eta bukatu hemen, behin eta berriro, urte guztiko entrenatzaileen garrasiak kopetan ditudala. «Aupa Jon», esan diot tostakideari, indarrak emango dizkiolakoan, ez dit erantzun. «Aupa Jon», nire gogorako.
Hirugarren luzea hasi berritan, a ze sasoia, bakarretan bakarrena al naiz? Oraindik badut indarra. Minutu erdian, nire handiuste koplak zapuztu dizkidan neke eta mina etorri zait, ez naiz bakarra. Nork demontre esan zidan arraun egiteko? Ziabogarako minutua faltan, lerdea erortzen hasi zait, eta ziabogatik atera eta minutua pasa artean luzatzen jarraitu du nire sorbaldarekin bat egin arte.
«Ezin dek gehio txikito!», dio deabruak, nik, «Bazakit motel, baina baniak azken minutuak txikitzeko asmoz, itsu-itsuan». Patroiaren hitzek azken hogeita hamar paladak direla esaten digute. Gezurra. Gezurra biribila. Hala ere, gaurkoan egia izan daitekela pentsatuz, begiak itxi eta hortzak estutuz, gora, eta gora, segi, eta segi… eta segi.
«Donostiarrarentzat… JA!» megafoniatik, ezin mugitu, eskueri begira jarri naiz, hustuta. Bukatu da gaurkoa, eta lanean jarraitu behar dugu burubelarri.
Seigarren izan gara ligako lehen estropadan. Liga honen lehenengo estropadara nahi bezain ondo iritsi ez arren, hamaika taldek gu errematatzeko aukera izan dute, baina bizirik gaude, hurrengo entrenamendua iristeko irrikitan.