Nikolas Yurramendi: "Azkar, oso azkar"
Zinez azkarra izan zen Kontxako Estropada. Uretako epaileak berak ere azkar eman zuen gure bigarren txandako ekinean hasteko abisua. Estropada hasiera oso on bat egin bagenuen ere, arraunkera zabaldu orduko Hondarribia eta Urdaibaik bi traineruko errenta atera ziguten. Argi ikusi genuen, aurreneko postutan dabiltzan aparteko talde horiek askok ezaguna ez dugun beste martxa hori lanean jarri zuten.
Ez pentsa azkarrago egin izanagatik estropadak barnetik azkarragoak ala atseginagoak direnik. Lan egin beharra zegoen aurrera egiteko, eta lan egin genuen. TKE ligan dabiltzan taldeek badakite edozein hutsegitek, txikia bada ere, postuen dantza hasten duela, eta udara guztia horretan dabiltz. Guri akaso hori da falta izan zitzaigun igandean, eta estropada ona eginda, 19:32 eginda, zortzigarren postuan sailkatu ginen. Hau marka. Azken.
Castrok 2006ko bigarren igandean egindako estropada urruti dagokit. Hasi berria nintzen arraunaren munduan, eta marka hura astakeri bat iruditzen zitzaidan igandera bitartean. Hamaika urte igaro dira urte hartatik, eta ez alperrikako hamaika urte: traineruak aldatu dira, tripulazioak baita ere (pisuz, arinagoak), eta zer esanik ez prestakuntza fisikoa.
Ba bai. Hori guztia aldatu ez ezik, hobetu ez ezik, itsasoaren menpe ere egon beharra dago kronometroa txikitzeko. Hego haizeak lausotutako itsasoan, kanpo alderako luzeak askoz ere azkarragoak egin berri ditugu talde guztiok. Nolatan? Kanporantz ere olatutxoak hartzen dira, txopa altxatzearekin batera arraunkera sarritu beharra dago.
Datorren igandean badirudi itsasoa erabat harrotzear dela eta erabat ezberdina izan daitekeen estropada bat biziko dugula, bai barrutik zein kanpotik. Gure denak emateko irtengo gara, eta ez dezatela pentsa uretako arerioek estutasunean jarriko ez ditugunik!
Bai, ni ere harrituta nago Urdaibaik eginiko 18:53,52-arekin. Eta Hondarribiaren 18:57,80-arekin. Eta Oriorekin. Eta Kaikurekin. Denekin.